Askok hitz egingo zenuten dagoeneko Olentzerorekin Whatsappetik. Ez badiozue oraindik idatzi, espabila zaitezte, 24a gainean baitugu! Zuetako batzuek mugikor bat eskatuko zenioten, baina zertarako Olentzerorekin Whatsappean ibiltzeko dagoeneko bat baduzue?!
Ez dakit zenbatero aldatzen dugun mugikorra batez beste. Nik urte eta erdiro edo eta pantaila 3 aldiz aldatu ostean. Baldarra naiz, ez dago beste azalpenik. Baina badakit beste askok apur bat mantsotzen hasten denean aldatzen dutela. Beste batzuk kapritxo hutsagatik, alajainkoa!
Ez dakit inoiz coltan hitza entzun duzuen. Mineral bat da, Kongon ustiatzen da nagusiki eta urrearekin batera ezinbestekoa da mugikorrak egiteko. Metal horiek ez dira baldintza egokietan erauzten, suposatuko duzuenez: meatzarien soldata hutsaren hurrengoa da; hala da laneko segurtasuna ere, babesik batere ez baitute izaten; meategi inguruak guztiz suntsitzen dira: ibai kutsatuak, oihan tropikala errotik moztua... Coltana lortzeko.
Zer esanik ez Txinako lantegietako lan baldintzei buruz. Gure nahi eta apeta guztiak asetzeko lan guztiz mekanikoetan pasatzen du egunak eta gauak gazte txinatar piloak.
Mundu erdia behar dugu tramankulutxo hori egiteko: Afrikako lehengaiak eta Asiako eskulana. Baita horien garraioa ere, itsasoz zein airez. Horrek dakarren kutsadura gehigarriaz!
Gainera, gero ez gara gai izorratutako mugikorrak ondo birziklatzeko. Oso zaila da metal garesti horiek erauztea, oso zaila da hain bateria kutsakorrak egoki tratatzea. Kasurik onenean mugikorrak Europan birrindu eta ahalik eta ondoen metal preziatuak berreskuratzen saiatuko dira, baina mugikor gehienek herrialde txirotuetako (berez ez baitziren txiroan behinola) zabortegietan amaitzen dute. Han ere, langileen baldintzak txarrak dira eta ingurugiroa suntsitzen dute, nagusiki ardura gabeko zaborren kudeaketak sortzen duen kutsaduragatik.
Badaude ekimenak: Freephone mugikor etikoa, Alboanek mugikor izorratuak batzeko jarritako edukiontziak... baina ez dira nahikoa. Ondorioz, aukera bakarra mugikorraren inguruko kontzientziak piztea da. Aurten mugikorra eskatzeko asmoa baduzue, galdetu zuen buruei benetan behar duzuen, benetan zuen mugikor berriak aurrekoak eskaintzen duena gainditzen duen. Benetan, mundu zabaleko triskantza hori merezi duen.
Hau mugikorrei buruzko serie baten hirugarren eta azken atala da. Nahi baduzue hemen dituzue lehena eta bigarrena.