Hegazkin txartel bat erosten dugunean, hegazkin-konpainiak bere gain hartzen du gure destinora kontratutako egun eta orduan eramateko konpromisoa. Hala ere, ez da beti hala gertatzen, batzuetan ezinbesteko arrazoiengatik (pandemiak, denboraleak…), eta beste batzuetan konpainiak saiatzen direlako beren etekinak handitzen bidaiarien eskubideak zapalduz. Azken atal horren barruan sar dezakegu gaur aipatzen ari garen praktika, gure bulegora gero eta erreklamazio gehiago iristea eragiten ari dena.
Gidoia berbera da beti. Zure hegazkin txartela aurrerapen nahikoaz erreserbatu duzu eta, ondoren, zure oporretarako behar dituzun gainerako zerbitzuak kontratatzen hasi zara: beste hegaldi batzuk, alokairuko auto bat, hotela, txangoak, jolas-parkeak, ikuskizunak… Eta, bat-batean, bidaia baino aste batzuk lehenago, konpainiak jakinarazten dizu zure hegaldia egun bat edo batzuk aurreratu edo atzeratuko dela, eta orduan erabaki behar duzu aldaketa onartzen duzun edo hegaldia bertan behera uzten duzun. Hegaldia bertan behera uzten baduzu txartelaren dirua itzuliko dizute. Baina ordurako kontratatuak dituzu zenbait zerbitzu, hegaldi horrekin lotuta daudenak, eta horietako batzuen dirua berreskuratzeko eskubiderik ez duzu izango.
Zer egin halakoetan? Zer eskubide daukagu? Aireko trafikoaren gorabeherak erregulatzen dituen Europako araudiak dioenez, hegazkin-konpainiak aldaketaren berri ematen badizu hegaldia izan baino 14 egun edo gehiago lehenago, ez duzu eskubiderik kalte-ordainik jasotzeko, beste kasu batzuetan jasoko zenukeena (bertan behera uztean, overbooking-a edo atzerapena dagoenean, hegazkin-konpainiari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik). Hortaz, bi aukera besterik ez duzu: zure bidaia bertan behera uztea –hegazkin-konpainiak txartelaren dirua itzuliko dizu–, edo konpainiak proposatzen dizkizun data berrietara moldatzea.
Hala ere, azken hilabeteetan jaso ditugun zenbait epairen arabera, hegazkin-konpainia beharturik dago bidaiariari kalte-ordaina ematera hegaldiaren aldaketak eragin dizkion gastu gehigarriengatik, baldin eta gastu horiek zalantzarik gabe frogatuta badaude. Horren arrazoia da bateragarriak direla Europar Batasunean aireko trafikoa erregulatzen duen araudia eta estatuko araudiaren aplikazioa, zehazki Kode Zibilaren 1124. artikulua, zeinak legitimatzen baititu kontratatzaileak beste aldeari exijitzeko kontratuak eragindako betebeharrak ez betetzearen ondorioz sortutako kalte-galerak ordain ditzan.
Horrenbestez, esku artean dugun kasuan, hegazkin-konpainiak ordaindu behar dizkio bidaiariari bai kontratatutako zerbitzuak, aldaketaren ondorioz erabili ezin dituenak, bai arrazoi beragatik egin beharko dituen gastu gehigarriak: hegazkin-konexioak edo bestelako garraioak, ostatua, zerbitzuen kontratazioa, sarrerak erostea…
Hegazkin-konpainien praktika oker honen biktima izan bazara, ez izan zalantzarik eta kontsulta egin gurean, kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik duzun jakiteko. Eta gogoratu: ERREKLAMATUn kontsulta eta informazioa doakoak dira, eta azkenean zure erreklamazioa kudeatzen badugu, bakarrik kobratuko dugu irabaziz gero, zuretzat lortzen dugun diruaren % 25, zehazki. Deitu, gu arduratuko gara zure kalte-ordaina jaso dezazun.