Erretratuak

Erabiltzailearen aurpegia IkerMartinezDeLagos 2014ko eka. 27a, 14:19

Gaitasun kontua da, kamerari begiratzeko eta kamera aurrean egoteko modua ikasi daitekeela diote, baina berezko zerbait badago. (klik). Batzuk argazkietan beti-babo-aurpegiarekin agertzeko kapazitatea dugu, beste batzuk nekez harrapatuko dituzu irribarre natural(izatu) gabe, geldi egoten ez dakitenak eta beti mugituta agertzen direnak ere badira eta baita argazkietan egon gabe beti presente daudenak ere.

 

Jarrera kontua ere bada, agertu nahia eta agertu beharraren artean tartea baita; tarte handia edo txikia, ez beti berdina. Nahiak eta beharrak kameraren aurrean paratzeko moduan, paratzeko orduan, eragina du, alderdi-politikatan dabiltzanei galdetu bestela. Jarduera politikoa posearekin lar nahasten da, zoritxarrez, gehiegitan.

Batzuetan, baina, ekimen batzuek bat-eta-beste erretratatzeko parada ederra ematen dute. Alde horretatik, “Euskararen Bilbo” proposamenarekin Sabin Anuzita zinegotziak proposatu duen ariketa aitortu beharra dago, txikitan jolasten genuen nor-da-nor hartan moduan, balio izan duelako gure udal-politikaren protagonisten ezaugarriak aletzeko.

Balio izan du Bilboko euskalgintzan espektatibak eta (esaten ausartuko naiz) esperantza berritu bat sortzeko. Udalak plaza eskaintzen badio, euskalgintzak gogoz erantzungo duelakoan nago. (klik)

Balio izan du, alderdi batzuk arduraz jokatzeko prest daudela ikusteko. EAJ, Bildu eta PSE sinatzeko prest agertu dira, bakoitzak izan ditzakeen ikuspegi propio eta matizen gainetik gutxieneko akordio bat lehenetsiz. (klik). Erantzukizunez.

Eta balio izan du, baita ere, Bilboko alderdi popularreko politikari batzuen maila ikusteko. Prentsatik jaso ditugu Luis Hermosak alderdi popularraren izenean esandakoak, (klik) eta (klik), esaldi bakoitzeko erretratu bat. 

Ez omen ditu gogoan Hermosa jaunak behin-birritan Antonio Basagoitik Euskaltzaindiako egoitzan egindako selfiak. “Nuestra responsabilidad tiene que ser cuidar y promocionarlo para que siga vivo”. (klik). “Que nadie se atreva a dudar del compromiso que tiene este partido con el desarrollo del euskera”. (klik). “Vamos a trabajar para que cada vez haya más vascos acercándose a nuestra lengua” (klik). Basagoiti zen, euskaltzainez eta politikari ezagunez inguratuta, esaldion (erretratuen) egile.

Are, bere presidente-ohiarekin batera agerraldian egondako Andres Urrutiaren hitzak ere ahaztuak ditu Luis Hermosak, “el euskera constituye un elemento de cohesión social” zioenean euskaltzainburuak (klik). Hermosa jaunarentzat, berriz, “impresentable a todas luces” omen da euskara eta kohesio soziala lotzea, (“roza ciertos aspectos que no ha querido ni nombrar”). Ai bidenteekin eta telebista lokaleko izarrekin tratuan pasatzen duen beste denbora inbertituko balu Luisek hemerotekan! 

Danok erretratatuta! (klik)

Argazkiaren protagonismoa ez dio PPri eman nahi izan Anuzita zinegotziak eta beratzen utzi du proposamena. Ondo. Hermosak, kuadrilako-tipo-astunaren papera egin nahi izan du, argazki guztietan (bai-ala-bai) erdi-erdian agertu behar duenarena. 

Baina egun batzuk pasa dira eta argazkien balioari buruz pentsatzeko ordua heldu da. Bilboko udalak inoizko aukerarik onena du hizkuntza politika berritu baterako oinarriak adostasun zabalarekin aurkezteko, aitzindari agertzeko, Euskal Herrian hizkuntza politikaren inguruan gutxitan eman den oinarrizko adostasunarekin: EAJ, PSE eta Bildu. (klik). Aukera ederra du, gehiengoaren erretratua ateratzeko eta argazkian agertzen ez dena ere erretratatzeko.

Aukera paregabea, ez soilik argazkirako, ezpada joko-zelai berri bat zehaztu eta euskaldun eta euskaltzaleen artean euskararen Bilbo eraikitzeko. Aukera paregabea udalak “euskara batzorde” parte hartzailea martxan jartzeko, euskaratik Bilbo berria irudikatzeko eta urrats berriak ematen hasteko. Erronka garrantzitsuegiak ditugu, ez diezaiegun utzi euskararik-gabeko-Bilbon erosoago leudekeen gutxi batzuei (Hermosa eta enparauei) etorkizuna baldintzatzen.

Azken hamarkadetako Bilboren argazkiak Ibaizabal ardatz izan duen modura, ea hurrengo urteotan euskara ardatz duen Bilbo erretratatzen asmatzen dugun. (klik)