Palestinako 194 gizarte erakundek baino gehiagok sustatutako Israelgo estatuaren aurkako Nazioarteko Boikot, Desinbertsio eta Zigorren Kanpainarekin bat eginez, Israelgo Gobernuak Palestinako herriaren aurka bideratzen duen Apartheid politika, okupazioa, desjabetzea eta kolonizazioa salatzeko, nazioarte mailan martxan jarri den Israelgo produktuen aurkako Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra (BDZ) kanpainaren berri eman nahi dugu Euskal Herrian.
Alde batetik, Bilbon Larunbat honetarako, elkarretaratzeak antolatu dira Bilboko Nodo BDZren eskutik hiriko Premier eta Imaginarium dendaren aurrean, Israelekin duten konplizitatea salatzeko. Konzentrazioak goizetik izango dira, bata 12:00etan Imaginarium dendaren aurrean (Doctor Achucarro kalea, 3) eta bestea 12:30etan, Premier dendaren aurrean (Ercilla kalea, 29)
Beste aldetik, jakinarazi nahi dugu, Oiartzungo Alcampo eta Carrefour supermerkatuetan eta Garbera, Urretxu eta Zumarragako Eroskin ere gutun bana entregatu dela Palestinarekiko Elkartasun Taldearen eskutik, denda hauetan dituzten elikagai batzuk salmentatik ken ditzaten eskatzeko. Produktu hauek lotura zuzena baitute Israelgo Gobernuak Palestinako herriaren aurka bideratzen duen politikarekin, Israelen eta Israelek okupaturiko lurralde Palestinarretan ezarritako kolonietan egiten diren elikagaiak baitira.
Ekimen honen berri eman nahi dugu eta aldi berean gizarte osoa animatu nahi dugu, Israeleko Estatuak Palestinar herritarrei ezartzen dien apartheid politika dirauen bitartean, produktu hauek kontsumitu ez dezan. Hau da eman duen gutuna:
Supermerkatuko arduradun jaun/anderea:
Israelgo Gobernuak Palestinako herriaren aurka bideratzen duen Apartheid politika, okupazioa, desjabetzea eta kolonizazioa salatzeko nazioarte mailan martxan jarri den Israelgo produktuen aurkako Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra (BDZ) kanpainaren berri ematea gatozkizu.
Israelgo Gobernuak Nazioarteko Zuzenbidea betetzen ez duen bitartean mundu mailako kanpaina hau martxan jartzeko deia zabaldu zuen jendarte palestinarrak 2005. urtean eta, bide batez, Palestinako herriaren aurka Israelgo Gobernuak bideratzen duen etengabeko giza eskubideen bortxaketari frenoa jarri.
Zuk jakingo duzun moduan, bere garaian Hego Afrikako Gobernuak zeraman Apartheid politikaren aurka nazioartetik bideraturiko boikot, desinbertsio eta zigor kanpainek eragin nabarmena izan zuten politika anker horri amaiera ematerako unean.
Jakin behar duzu, Israelek Europan saltzen dituen elikagai asko palestinarrei kendu eta okupaturiko lurraldeetan landatutakoak direla. Nekazaritzarako okupatutako koloniak edota asentamenduak izenarekin ezagutzen dira lurra sail horiek munduan zehar. Lurralde horiek erabili ahal izateko, Israelgo Gobernuak bertan bizi diren palestinarrak indarrez botatzen ditu, beraien lurrak desjabetuz eta bertan zituzten etxeak suntsituz, etorkizunean lurralde horietan bizitzeko aukera guztiak zapuztuz. Bideraturiko neurri horiek gorrotagarriak izateaz gain, Nazioarteko Legeriaren aurkakoka dira, guztiz legez kanpokoak, Genevako IV Konbenioko bortxatzen baitituzte.
Hori guztia dela eta, zuregana jo dugu honetaz guztiaz informatzeaz gain, zure dendan dituzun honelako elikagaiak salmentatik ken ditzazun eskatzeko, produktu hauetako batzuk lotura zuzena baitute Israelgo Gobernuak Palestinako herriaren aurka bideratzen duen politikarekin. Israelen eta Israelek okupaturiko lurralde palestinarretan ezarritako kolonietan egiten diren elikagaiak dira.
Horien artean ezagunak dira Medjoul motako datilak edo Jumbo izenez ezagutzen direnak. Israel da mota honetako datilen ekoizle nagusia. Elikagai honen merkatu nagusia Europa da, ekoizpenaren % 80a bertan saltzen baita. Estatu espainolean saltzen diren guztiak Israeletik ekarritakoak dira. Etiketan bertan jartzen du askotan “Israelgo elikagaia” edota “Jordan bailarako elikagaia”. Kasu bietan, palestinarrei kendu eta okupaturiko lurraldeetan landaturiko elikagaiak dira. Esportatzaileak Mehadrin, Carmel-Agrexco eta Hadiklaim dira eta berauen marka komertzialak berriz, Isla Bonita, Carmel, King Solomon, Jordan River, Jordan Plains, Jordan Valley, Kalahari eta Red Sea dira, Valentziako marka ezaguna den Monagilloz gain.
Elikagai mota hauekin batera, “Made in Israel” ezaugarria duten fruituak, barazki freskoak eta pipak ere azpimarratu nahi ditugu. Elikagai mota hauek askotan Israelgo Gobernuak lurralde okupatuetan ezarritako kolonietan ekoizten dira, palestinarrei lurra eta ura lapurtuz eta lurralde horietan sartzeko baimena palestinarrei ukatuz, errekurtso hauen ustiaketa, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren arabera, palestinarrei beraiei dagokienean. Alestok, adibidez, Israeldik datozen pipak ekoizten ditu, snack delakoetarako saltzen diren fruitu lehorren artean. Baina ez dira Israeldik datozen pipa marka bakarrak, SnackDay markakoak ere, bertakoak dira.
Rummikub delakoaren jabea eta egilea israeldarra da. Israelgo jokoa da. Israelek munduan gehien saltzen duen jokoa da Rummikub delakoa, urtero ekoizten diren hiru millioiak atzerrian saltzen baitira nagusiki. Israelen joko hau Kod Kod markarekin saltzen da. Estatu espainolean, berriz, Rummikub izenarekin banatzen du Hasbro konpainia estatu batuarrak, hau da, mundu mailako bigarren joko ekoizle nagusiak.
Catalunyan, Abacus kooperatibak dagoeneko produktu hau kendu du bere denda guztietatik.
Premier markako Israelgo produktu kosmetikoak ere aipatu nahi ditugu. Estatu espainolean oso salmenta puntu dotoreetan salduak diren produktuak dira. Produktu hauek, Kalia izeneko Kibutzean ekoizten dira, Itsaso Hilaren ondoa dagoen Zisjordaniako Israelen kolonia batean. Ekoizpen hau Nazioarteko Zuzenbidea eta Nazio Batuen ebazpen guztiak bortxatuz egiten da, lurralde horietan nazioarteko komunitateak palestinarren soberania aitortzen baitu.
Irlandako eta Bretainia Handiko denda askotatik dagoeneko kendu dituzte Premier produktuak.
Nola ez, askoz ere produktu israeldar gehiago dago, baina hauetan jarri nahi dugu gure atentzio osoa, beraien ekoizpenean Nazioarteko Zuzenbidea eta Nazio Batuen ebazpenak bortxatzen baititu Israelek eta hauen inguruan boikota zentratuz, eraginkorrak izan gaitezkeelako.
Gai honen inguruan edota boikot ekonomikoa helburutzat duten ekimenen inguruan informazio zabalagoa nahiko bazenu, informazio guztiak Red Solidaria Contra la Ocupación de Palestina (RESCOP-BDS) web orrian aurki dezakezu. Bertan boikot ekonomikoaren emaitzak jasotzeaz gain, bestelako boikot kanpainen berri ere jaso dezakzeu, hala nola, boikot akademikoak, kulturalak, kirol mailakoak, militarrak… Estrategia honek Israelek draman politika ankerra aldatzeko bidean nola eragiten duten ikusteko aukera duzu bertan.
Bestela, gure erakundearekin ere harremanetan jar zaitezke, gure lana Israelgo produktuen inguruko informazio osoa -ekoizpen mota, ekoizpen lurraldea palestinarrei lapurtu eta okupatua den ala ez- jakinaraztea baita, hemengo enpresak eta bezeroak informatuz.
Honegatik guztiarengatik, dei egiten dizugu produktu hauek zure dendatik ken ditzazun eta modu horretan kontsumitzaileak Palestinako herriarekin elkartasunez eta arduraz kontsumi dezan lagundu. Elikagai eta produktu hauek salmentan utziz gero, Palestinako lurraldearen okupazioa eta apartheid politika finantzatzen laguntzaile bihurtzen zara eta Palestinako herriak pairatzen duen eskubideen bortxaketaren zein Israelgo Gobernuaren politikak eragiten dituen heriotzen konplize.
Zure arreta eskertuz
Palestinarekiko Elkartasun Taldea