Institutura bidean, Solokoetxeko eskaileretan gora eta behera ibiltzen ginen gaztetxo kuadrilla ginen gu. Klaseen arteko tarteetan, nagusiagoak zirenen eskutik, Sorgintxulo gaztetxearen desalojo prozesua gertutik bizi izan genuenak. 2006an, gure auzoko lehenengo okupazio saiakeretan, Etxebarrietan malabareak egiten ikasteko astirik izan ez genuenez, 2007 hartako aurreneko egunetan behin betiko 'kaptatu' gintuzten. Monozikloan ibiltzeko aukera ere izango genuen! Bidaia honen hasieratik hasi ginenen Alde Zaharreko hainbat belaunaldirekin elkartzen, eta Olabeaga, Irala, Santutxu edota Errekaldeko jendea ezagutzeko aukera ere izan genuen. Mugimendu itzela zegoen gure inguruan, okupazio zein desalojo esperientzia ugari bizi izan genituen. Urte batzuk beranduago, Gordonizetik zoroen pare korrika ibili ostean, kopeta zimurtu zitzaigun gure alkate jaunaren ahotik: “Nosotros defendemos un modelo de ciudad, y evidentemente no estamos con el modelo de sociedad que defiende Kukutza”, entzun behar izan genuenean.
Eskaileretan gora eta behera, apurka-apurka, eta seguruenik behar baino motelago, ekin genion gaztetxean eta asanbladan parte hartzeari, eta honela hasi ginen 7Katuko kide sentitzen. Tailerrak, lanegunak, desalojo eta berrokupazioak, eta parrandaren bat tarteko, ikasi genuen zer zen gaztetxe bat. Ulertu genuen auzoa aldatzeko tresna aproposa genuela esku artean. Gazte borrokarako bitartekoak baitira gaztetxeak, baina baita nahi dugun hori eraikitzeko abaguneak ere, sistema hegemonikoarentzako zirrikituak. Pareta hauen babesak zernahi izateko eta egiteko aukera eman baitigu urte askotan.
Gauza jakina da, eskaileretan gora egitea behera egitea baino nekezagoa dela, eta ez noa inor engainatzera; autogestio horizontalak lan handia eskatzen du, desatsegina maiz. Zikindu ditugu zapatak pinturaz eta prakak lejiaz; luzatu zaizkigu bilerak behar baino gehiago; bizi izan ditugu zazpi katu baino, lau katu ginen garaiak ere; egin ditugu obrak baliabiderik ez genuenean; desalojoaren mehatxuaren beldurra sentitu dugu eta izan ditugu haserrealdiak kide eta lagunekin, azkenengo egunera arte. Baina, Perikok behin esan zuen bezala: “Lokatzetan uzten dira oinatzak, ez alfonbra gorrietan”.
Izan ere, lekukoa pasa eta jubilazioa hartzea egokitu zaigun honetan, jabetu naiz ezinezkoa dela nire gaztaroa ulertzea gaztetxerik gabe, neurtu ezinekoa egiten zait urte luze hauetan ikasitako dena. Zalantzarik ez dut, bidaia hau elkarrekin egin dugunok, gaztetxero izanagatik gara gaur egun garen pertsonak. Hein handi batean, hori ere bada eta gaztetxe bat, pertsonak hezteko eskola.
Azkar pasa dira urte hauek, hamaika. Baina hau ez da bukatu; badelako atzetik indartsu datorren belaunaldi bat, beste hamaika urtez eskaileretan gora eta behera ibiltzeko prest dagoena, auzo ezberdin bat eraikitzeko gogotsu. Aurten ospatuko dugun urteurrena, guretzat, izango da arraroa inoiz ez bezala, kable edo kanbioen bila aurrera eta atzera ibili beharrik gabe. Baina, seguru, inoiz ez bezala polita eta berezia izango dela, norberaren urteetako lanarekin jarraitzeko ilusioa duen talde bat dagoela ikusteak, beste gauza gutxik bezala betetzen baikaitu.
[2018-01-23] 'Hamaika urte eta hau ez da amai(ka)tu' hasi da
[2018-01-09] 7 Katu Gaztetxeak bere 11. urteurrena ospatuko du