Behin autobusaren zain nengoela nire aurrean tona askotako altzairuzko bobina erori zen autopistatik Errekaldeberri kalera. Ile zuridun emakume batek metro gutxigatik ihes egin zion zanpatua hiltzeari. Momentu hartan bertan mamuaren arriskua uste baino handiagoa zela ohartu nintzen. Geroztik hainbat gertakari beldurgarri kontatu zizkidaten auzotarrek, hala nola, autopistatik gurpilak erori zirela, ertzain batek bizia galdu zuela autopistatik erorita... Halere orduan bertan ez nintzen jabetu errekaldetarren bihotzetan zubi-bide honek sortu duen samina. Behin Errekaldeko jaietan zubi-bidea eraiki zuteneko argazkiak eman zituzten pantaila batean. Palak lanean auzoa bitan banatzen zuen zauria irekitzen, eliza eta auzotarrentzat xarmangarriak ziren beste hainbat eraikinak eraisten… momentu hartan burua atzera itzuli eta jendea negarrez ikusi nuen, 1975ean ireki zen zauriari oraindik odola zerion.
2006an Jose Luis Bilbao orduko Bizkaiko ahaldun nagusiak Errekaldeko zubi-bidea 2016rako eraitsiko zutela iragarri zuen. Hura bai izan zen errekaldetar guztiok itxaroten genuen albistea! Hura bai poza! Baina krisiaren aitzakiaz dirua 'amaitu' zen eta hormigoizko mamua gure buruen gainean bizitzen darrai oraindik ere.
Gehienok ezagutuko duzue Errekaldeberrin betidanik izan den gizarte mugimendu eta elkarteen indarra. Orain dela bi urte Errekaldeberriz auzo elkartearen eskutik Ula Iruretagoiena arkitekto busturiarrak autopistarik gabeko auzoa irudikatu zuen. Ezin nuen sinetsi A8aren mamuak auzoari kentzen dion bizia, argia, osasuna. Proiektuaren aurkezpenean begiak itxi eta merezi dugun auzoa irudikatu genuen. Aurten ere Bilboko Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren berrikuspenaren eztabaidan antzerako irudi batzuk aurkeztu dizkigu Bilboko Udalak. Autopistaren zubi-biderik gabekoa, auzoa batua eta Basurturekin lotzen duen korridore berde ederrarekin. Baina HAPOan islatzen diren proiektuak horixe bera dira, proiektuak. Eta bete daitezke ala ez. Horren adibiderik garbiena aurreko HAPOan islatzen zen A8aren zubi-bide beraren eraispenaren proiektua da eta argi dago ez dela bete. Beraz, agintariei hitzetatik ekintzetara pasatzea eskatzen diegu, proiektuetatik indusketa makinetara. Errekaldek ez du sufrimendu gehiago merezi.
Bitartean, #Autopistakanpora plataformarekin borrokatzen jarraituko dugu, gure leihoak bandera berdez beteko ditugu, Errekaldek ez du etsiko. Argia ikusi nahi dugulako!