Adingabekoen aurkako sexu abusuEZ

Erabiltzailearen aurpegia Rakel Goñi Lacar 2017ko mai. 29a, 12:52

Urte hasieran Gipuzkoako egunkari batek, “Kakux, apaizik hurbilena” izeneko artikulua argitaratu zuen. Artikulu osoan zehar Juan Cruz Mendizabal Gipuzkoako bikario jeneral ohiaren bertuteak eta onberatasuna goraipatzen ziren. Gogora ekarri nahi dut Mendizabalena Euskal Elizak onartutako sexu-abusuen lehen kasua izan dela. Hori dela eta, apaizaren ezizena modu xamur horretan erabiltzeak botaka gurea ematen dit.

Komunikabideetan, oro har, oso ohitura txarra dago hein batean ulertezinak diren delituak egiten dituztenen profila leuntzeko. Kasurik argiena emakumeak erailtzen dituztenena da. Zenbatetan entzun diegu auzokideei esaten hiltzailea izaeraz oso ona zela? Zenbat aldiz entzun dugu bikotea eredugarria zela?


Gizakiari oso zaila zaio barneratzea pertsona “on” batek halako munstrokeriak egin ditzakeela. Berdin gertatzen da apaiz-pederasta binomioarekin. Gure buruak ezin du ulertu pederastak itxuraz beste pertsona arrunt baten modukoak direla, informatikariak, irakasleak, erretiratuak, langabetuak, apaizak… estatistiken arabera gehienak 30 – 40 urte bitarteko gizonak dira. Horrez gain, adin txikikoenganako sexu abusuen %90a ezagun batek burutzen du, izan aita, izan senitartekoren bat, izan ezagunen bat...


Batzuen ustez orain lehen baino adingabekoenganako sexu-abusu gehiago dago, baina argi dago beti existitu direla eta komunikabideei esker kasu gehiago ezagutzen direnez pertzepzio hori ematen dela. Ulergaitza egiten zait ordea informazioa askoz gehiago den unean agintariek prebentzio lan egokia ez egitea. Gurasoen eta ikastetxeen agendan ez dago gai hau islatua. Azken urteotan bullying-a ekiditeko kanpaina asko martxan jarri dira eta guztiz beharrezkoak direla deritzot baina ez da berdin gertatu sexu-abusuen gaiarekin. Gurasoei baliabideak eman behar zaizkie. Edonori gerta dakioke.


Sexu-abusu delituak preskribatu egiten dira

Gai honetan ez nituzke biktimak ahaztu nahi. Biktimei eta euren familiei dagokienez, frustrazioa dator behin abusua salatzeko indarra lortzen denean, delituaren dataren antzinatasuna dela eta, justiziak ezin duenean erasotzailearen aurka egin delitua preskribatu delako. Kode penalaren arabera, adingabeen aurkako askatasun sexualaren aurkako faltek egin direnetik 10, 15 edo 20 urtera preskribatzen dute. Betiere, epeak biktimek 18 urte bete ondoren kontatzen hasten dira. Hala ere, 20 urte asko badirudite ere, kasu gehienetan biktimei asko kostatzen zaie jasandako abusuaren dimentsioaz jabetzea eta kasu askotan salaketa epez kanpo jartzen da. Gaur egun Katalunian biktimaren adina 18 urtetik 30 urtera igotzea aztertzen ari dira preskribatzeko data kontatzen hasteko. Ekimen egokia den arren ni gehiago nator change.org bitartez egin den sinadura bilketan eskatzen denarekin “Adingabekoen aurkako sexu abusuak preskribatu ez daitezen”.


change.org/p/los-delitos-sexuales-contra-menores-nunca-deben-prescribir-nohayperd%C3%B3n