Autopista Errekaldetik Kanpora plataformako kideek agerraldia egingo dute Bizkaiko Batzar Nagusietan

Erabiltzailearen aurpegia Rakel Goñi Lacar 2017ko uzt. 13a, 14:34

Bihar, uztailak 14, Autopista Errekaldetik Kanpora plataformako kideek agerraldia egingo dute Bizkaiko Batzar Nagusietako eskaeretarako eta herritarren hartu-emanetarako batzordean 9:30ean, Errekaldeko auzokideek urteetan errebindikatutako A8 autobidearen zubi-bidea eraistea berriro eskatzeko.

Agerraldia zuzenean ikusteko lotura: www.jjggbizkaia.eus

Eskakizuna aspaldikoa da. Orain dela 42 urte, 1975ean hain zuzen ere, A8 autobidea egin zen Errekalde auzoaren gainetik. Orduan hasi ziren protestak. Auzoa bitan banatu zuen zauri larri honek Ricardo Bastida arkitektoaren Arrosarioaren Andre Mariaren eliza aurretik eraman zuen. Horrez gain, etxebizitzak eraitsi eta auzoaren bihotza zen (eta den) plazaren itxura erabat aldatu zuen. Garai hartan auzoaren egoera oso larria zen eta ildo horretatik 60ko hamarkadan sortu zen Errekaldeko Familien Elkarteak gogor lan egin zuen auzoa marjinazio egoeratik ateratzeko. Elkarte honek urte berean Errekaldeko liburu beltza argitaratu zuen auzoaren egoera larria islatuz. Hor argi uzten du auzokideek zuten abandonu sentimenduak. Uste hau ez da denborarekin desagertu eta instituzioen erruz bigarren mailako auzoa izaten jarraitzen du Errekaldek askoren iritziz. Horren adibiderik larriena autopistaren zubi-bidea bera da.

2006an Jose Luis Bilbao orduan Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusi zenak eta Iñaki Azkuna Bilboko alkateak hitza eman zuten autopistaren zubi-bidea 2016an botako zela. 2017an gaude eta oraindik hor dirau munstroak, eta luzerako gainera. Joserra Riaño Autopista Kanpora Plataformako kideak orain dela hiru urte beldur zen bide-zubia eraisteko proiektua 'kajoi' batean geratuko zela, eta hedabide batean duela egun gutxi Unai Rementeria ahaldun nagusiari egindako elkarrizketa batean bere susmoak nolabait baieztatzen direla esan daiteke. “Buruan hainbeste eraikuntza lan ditut. Adibidez, Rontegirentzat zubi anaia beharrezkoa da. Super Surren lotura AP68arekin edo metroarena aireportuarenarekin. Diru bilketa eta ekonomia ondo badoaz orain da horiei aurre egiteko garaia”. Ondoren kazetariak galdetu zion Bilbotik autopista kentzeko Errekaldeko auzokideek eskatzen dituzten epeen inguruan eta erantzuna argigarria zen: “Iritsiko da, baina ez dakit noiz”. Berriro ere beste azpiegiturak lehenetsiko dituzte, berriro ere errekaldetarrok galtzaile.

Agintariek gehienetan diote diru falta dagoela, baina kasu honetan borondate politikoa falta da. Bizkaiko Foru Aldundiak badauka 'noizbait' Bilbotik igarotzen den A8 autobidearen zati hori lurperatzeko plana. Horren arabera autopista Errekaldeko kiroldegiaren parean lurperatu eta Beyena fabrika zegoen tokira arte, Kobeta bidean, ibilgailuak lurpetik joango lirateke. Errekalde auzoan 30.000 pertsona inguru bizi dira, eta autopistak gaur egun makina bat buruhauste sortzen dizkie. Urteetan istripu nahikotxo gertatu dira zubi-bidean, eta ondorioz auzoarengan eragina izan dute. Behin kamioi batek kontrola galdu eta amildegian eskegita geratu zen. Beste baten gurpil bat erori zen plazan bertan, han bote egin eta bosgarren solairu baten egongelan sartu zen. Gertakaririk larriena orain dela 20 bat urte gertatu zen. Hartan ertzain bat zubi-bide biak banatzen dituen tartetik jausi zen plazaraino bizia galduz. Egun baten milaka tonako altzairuzko bobina erori zen kamioi batetik Errekaldeberri kalera. Istripu hartan emakume batek gutxigatik ihes egin zion heriotz seguruari. Azken hilabetotan bi gertakari larri izan dira. Batetik, burdin zati bat erori zen Gordoniz kalera (Errekaldeko kale nagusia) soinua murrizten duten paneletatik askatuta eta, bestetik, obrak seinalatzeko erabiltzen diren plastikozko kono laranja bat jausi zen Tobogan tabernaren parean. Zorionez istripu guzti hauek (Etzainarena salbu) ez dute kalte pertsonal larririk eragin… momentuz…

Arrisku larria hor dago, eta arrisku fiskoaz gain autobideak arazo gehiago sortzen dizkio auzoari: puntu beltzak, auzune batzuk baztertuta geratzen dira, hala nola, Elexabarri inguruko etxeak, ingurumen arazoak, CO2 isurketak, kea, zarata… eskolak eta jolastokiak autopistatik oso hurbil daude. Hori guztiagatik Autopista Kanpora plataformak borrokan jarraituko du auzokideen laguntzarekin zubi-bidea eraisten dela ikusten duten arte. Agintariek ez dezatela ahaztu Errekalde auzoa borrokalaria dela, eta auzotarrek ez dutela amore emango munstroa kendu eta argia ikusten duten arte.

Eta abestiak dioen bezala:

“Autopista kanpora,
ez intzineradorarik ez,
gora nire auzoa,
sorginak dantzan has bitez.

eee laguntza emanez elkarri,
guk nahi beste lor dezakegu,
ari ari ari Errekatartalo lehendakari,
aupa Iturri txapeldun!”