Kirola da haurrari egokitu behar zaiona eta ez alderantziz. Haurra antolaketaren erdigunean jartzen badugu, non hobeto lehen kirol esperientziak esparru emozional hurbilen eta ezagunenean ematea, hots, norberaren eskolan.
Halere, eskolak epizentroan jarri arren, eskola-kiroleko programen garapena Aldundietako Gazteri eta Kultura Sailei egokitu zaie. Asmoa ezin hobea bazen ere; garapenean herren geratu da Hezkuntza Sailak antolaketatik erabat kanpo geratu zirelako.
“Umearen garapen integral osoa, identitatearen garapen harmonikoa eta bizitzako hurrengo urratsetarako kirol aztura errotzeko gaitasunak garatzea” dio legeak. Legeak gaineratzen du “eskola-kiroleko helburuek bat egingo dutela hezkuntza sistemako etapa eta zikloetan ezarritakoekin”. Horretarako, “administrazioak sustatuko du programok eskola zentroetako Hezkuntza Proiektuetan txertatzea, eta bereziki, Heziketa Fisikoko alorrarekin bat egitea”. Heziketari buruzko aipuak han eta hemen, baina Hezkuntza Sailak eskola-kirolean inon ez.
Taldekako kirolak nagusi izan dira, bereziki futbola erregea. Bakarkako eta buruz-buruko kirolak bigarren maila batean geratu dira. Eta kirolak ez diren bestelako jarduera-fisikoak (gorputz adierazpena, jolasak, akrobaziak, eta beste) kanpoan geratu dira.
Futbola erregea
Eskola kirola izendapenaren baitan bai ikastetxeek bai klubek ere lehiaketan aritzeko aukera daukate, betiere gure kasuan Foru Aldundiaren araudiaren pean. Bizkaiko lehiaketaren araudi orokorrean zehazten denez, ikastetxeetako taldeetan jokalarien %35 zentrokoak izan behar dute eta kluben kasuan %35 eskualdekoak. Eskola kirolaz ari garela ez ote da betebehar maila eskasa, are gehiago haurrak bere inguruan heztea helbururik nagusienetakoa bada? Zentzu horretan Gipuzkoak aurten onartu duen araudia beste muturreraino doa, eta “oro har ikasleei ez zaie baimenik emango matrikulatuta ez dauden beste ikastetxe batekin aritzeko, baldin eta beren ikastetxean baimena eskatzen duen kirol hori bera egiteko aukera badute”. Eta hemen dator eztabaidaren gakoa. Nire uste apalean erdibideko soluzio bat egon beharko luke, azken finean taldeen gidaritza pertsonek eramaten dutelako, eta bizitzako esparru guztietan bezala hemen ere ganorabakoak egon badaude. Gipuzkoako legea ere gurasoek euren seme-alabak nora bidali nahi dituzten erabakitzeko eskubideari kontrajartzen zaio, halere jokalarien 'salerosketarekin' amaitzeko neurriak hartzea beharrezkoa da, batez ere futbolaren kasuan eta oso adin txikiko mutiletan.
Iaz Bizkaiko futbolean eskolako neska-mutilen babeserako plataforma osatzen duten 50 taldek hitzarmen bat sinatu zuten haurrak 'errekrutatzeko' garaian zabaldu den praxi txarrari aurre egiteko. Gero eta garrantzia handiagoa baitauka lehiakortasunaren aldeak eta gero eta gutxiago formazio eta hezkuntzarenak. Talde hauetako teknikarien esanetan kidetasunean, elkartasunean oinarritzen den formazio prozesua arrisku larrian dago. Salatutako taldeek jokalariak 'kentzen' dizkiete beste taldeei euren lehiakortasuna hobetzeko aitzakiarekin, haurra edo kirolari gaztea bera kontutan hartu gabe. Gurasoek edo futbol taldeek haur hauen erabilera egiten dute helburu bakarra partidak irabaztea delarik plataforma osatzen duten taldeen iritziz.
Plataforma honetan talde batek bestea salatzen duenean automatikoki harremanak apurtzen ditu. Hortik aurrera plataformako kideek ez dute jokatuko salatutako taldeak antolatzen dituen ez lagunartekorik ez txapelketarik. Eskola kiroleko ligari dagokionez, kasu honetan taldeek zeregin gutxi daukate azken finean Aldundiak zozketa puruak egiten dituelako, eta ez delako jarrera honen alde edo aurka agertu.
Athletic eta Reala
Nolabait harrigarria izan daiteke plataformako taldeek ez izatea jarrera bera Athletici dagokionez, azken finean Athletic baita Bizkaiko taldeetatik jokalari gehien deitzen dituena. Gipuzkoan antzekoa gertatzen dela esan daiteke, araudia indarrean sartu zenean Aldundiak Realarekin betearazpena negoziatu beharko zuela zabaldu baitzen. Beraz, borondatea ona den arren, kirol erregeak bere mailarik gorenean zartagina kirtenetik hartuta dauka. Athleticek edo Realak edonoren atea joko badute ez zaie beste taldeei exijitzen zaiena eskatuko, edo behintzat irakurketa hori egiten dut nik. Gai honetan, halere, ez naiz batere objektiboa futbola izugarri gustatzen zaidalako, eta bihotzak esaten didalako lehen mailako taldeak logika honetatik at daudela, dena den ez zait justua iruditzen…