Ukitu ala ez ukitu, hortxe dago koska…

Erabiltzailearen aurpegia Rakel Goñi Lacar 2017ko abe. 26a, 15:10

Ikerketen arabera, gero eta kontaktu fisiko gehiago jasoz gero, bai fisikoki, baita psikologikoki ere, hobe egongo gara. Horrela, estres gutxiago pairatuko dugu eta maiztasun gutxiagorekin gaixotuko gara.

Eguberri hauetan edari freskagarri famatuenak ohi duen moduan "Uste dugun baino hurbilago gaude” izenburua duen iragarki berezi bat egin du ikusentzunezko medioentzat. Enpresa honentzat, Eguberria beti izan da markaren balioak transmititzeko garairik hoberenetarikoa. Askotan mundu osorako egiten dituen iragarki berak erabiltzen ditu, baina, kasu honetan, espainiar publikoari bideratutako produktua egin du. Zentzu horretan iragarkiak zera dio “bakoitza berera doala dirudien egunotan, azterketa batek argitu du besteen hurbiltasuna hoberen onartzen dugun herrialdea garela.

Etorkizuna existituko ez balitza bezala elkarri musukatzen diogu, eskuekin hitz egiten dugu, hainbeste ukitzen diogu elkarri non batzuetan bestearen eremu pertsonalean sartzen garen, batzuetan hainbesteraino, biok bat izatera iristen garela”. Esan bezala iragarkia espainiar publikoari zuzenduta dago eta hein batean euskal jendarterari ere. Esan ohi da euskaldunok hotzagoak garela, hemen ez dela ligatzen eta abar.

Baina ikusmolde hau aldatzen da konparaketa ipar Europako beste herrialdeekin egiten badugu. Belgikan erasmus beka batekin ikasten nengoela, unibertsitateak laguntzaile bat jarri zigun bertako bizitzara errazago egokitzeko.

“Aitabitxi” belga honek, Danielek, beti esaten zigun “enazazue hainbeste ukitu mesedez, etengabe ukitzen didazue!”. Beraz, iragarkiak dioen moduan, bere espazio pertsonalean sartzen ginen konturatu gabe, kulturalki berak ez zuen ohiturarik eta deseroso sentitzen zen. Lituaniako Irma Cijunaytitek hala aipatu zuen elkarrizketa batean: "nire senarra euskalduna da. Nire etxera joan zen lehenengo aldian konfiantza osoz sartu zen, guztiak musukatzen, baina bertan isilak gara. Nire ama zur eta lur geratu zen. Ez zen berarengan fidatzen."

Guztiok izan dugu zalantza hau noizbait, ukitu edo ez ukitu. Musukatu ala ez. Besarkatu edo eskua besterik ez eman… gero eta ohikoagoa da masailean musu ematea halere ez da egoera guztietan egokia. Argi dago askotan kontaktu fisikoaren maila beste pertsonarekin dugun loturaren araberakoa dela. Pertsona arrotz bat musukatzeak, pertsona hori aztoratu dezake. Batzuk azkar luzatzen dute eskua hurbiltasun hori ekiditeko asmoz. Oro har latindarrok gehiago ukitzen diogu elkarri, edo gutxienez hori da pertzepzioa

Dirty Dancing filmea: “Hau da nire espazioa, hau zurea. Ni ez naiz zure espazioan sartzen zu etzara nirean sartzen”

Pertsona bakoitzak erabakitzen du ukitzen diotenean era egokian egiten den ala ez. Bere ideiek, sinesmenek, esperientziek, bizipenek eragin handia dute. Adibidez ikerketa psikologikoek ondorioztatu dute sexu abusuak jasan dituztenek zailtasun handiagoak izan ditzaketela kontaktu fisikoa onartzeko. Gai honetan eragin handia dauka ere familiaren barruan aparteko arrazoirik gabe ukitzeko ohiturarik ez izateak.

Pertsona horiek heldutasunean zailtasunak izan ditzakete kontaktu fisikoaren bidez afektua edo maitasuna adierazteko. Bestalde kontrakoa gertatzen ohi da sentimenduak adierazteko kontaktu fisikoa erabiltzen dutenen artean. Horretarako erraztasuna dugunok ikasi behar dugu pertsona guztiek ez dutela kontaktu fisikoarena modu berean bizi eta bakoitzaren mugak errespetatzea garrantzitsua dela.

50. hamarkadan Rene Spitz psikoanalistak egindako ikerketetan frogatu zuen umerzuztegietan heiztako haurrak kontaktu fisiko ezagatik hil zitezkeela. Ez zieten maitasuna ematen, ez ziren maitatuak sentitzen, begiak zabal zabalik eta begirada finkoa zuten. Ez zuten negarrik egiten bazekitelako inork ez ziela ukituko. Horietariko asko tristeziaz hil egiten ziren.

Gizarte modernoak erraztasun asko ematen ditu kontaktu fisikorik ez edukitzeko. Arraroa da gure senitartekoak ez direnekin kontaktu fisiko izatea. Azken ikerketen arabera gero eta kontaktu fisiko gehiago jaso, bai fisikoki baita psikologikoki ere hobe egongo gara, estres gutxiago pairatuko dugu eta maiztasun gutxiagorekin gaixotuko gara.

Gai honetan belaunaldien arteko haustura nabaria dela deritzot. 50. Hamarkadan bizi, hazi eta hezi zirenak oso garai zailak bizi izan zituzten. Atzerapen maila oso handia zen, gosetea ohikoa zen, miseria larria toki askotan zegoen, Espainiak behea jo zuen, analfabetismoa ohikoa zen, ondorioz ulertzekoa da gizartea askoz hotzagoa izatea sentimenduei dagokionez.

Bestalde 70, 80 hamarkadako belaunaldiek bizitza hobeagoa izan dute. Nik telenobelen belaunaldiak deitzen diet. Eta hor gertatzen da bi aldeon arteko liskarra. Batzuk maitasuna, laztanak, ferekak eskatzen dituzten bitartean, besteek ez dute ikasi nola egin eta apurtzeko oso zaila den ezkutu zurruna jarrita daukate. Elkarren artean lan asko dago egiteko.

Laburbilduz garrantzitsuena da non eta nola ukitu behar den jakitea gizarte arauak ez apurtzeko. Bestela, ezagutzen ez duzun norbait ukitzeko modu segurua besoaren goiko partean ukitu arin bat egitea da. Testuinguruan dago gakoa, hala kulturak nola generoak baldintzatu dezakete zer den onargarria eta zer ez eta onartu behar dugu ere egon badela ukitua izan nahi ez duen jendea, beraz lehen kontaktua okerra bada errespetatu behar da.

Lantalde batean bagaude saiatu beharko genuke kontaktua bultzatzen elkarri babesteko. Futbolariek argi daukate, golak lortzen dituztenean elkarri besarkatzen diote talde lana indartzeko. Nire iritzi apalean kontaktu fisiko gehiago beharko genuke. Errespetu osoz noski eta inor eragotzi gabe. Kontaktu gehiago beharko genuke ukimen eta azalaren bidez, izaki bizidunekin. Bultzatu ditzagun zentzumenak eta buruari gutxiago eragin diezaiogun, bizitzaren erritmoak uzten badigu bederen.

Eta ahaztu gabe: “EZ, BETI DA EZ” jaia eta alkohola ez dira aitzakia!