Miribilla-San Adriango Gaztegunea irekita dago

uriola.eus 2025ko api. 16a, 07:46

10 eta 16 urte bitarteko gazteentzako Miribilla-San Adriango Gaztegunea asa den apirialren 11n inauguratu zuten. 160 metro koadroko azalera du. Aisialdi osasungarriko gunea da, inguruko gazteentzat erakargarria eta dinamikoa izango dena.

Bilboko Udalak Miribilla-San Adriango Gaztegunea inauguratu du, gazteentzako 160 metro koadroko azalera duen espazio berria.  10 eta 16 urte bitarteko inguruko gazteek aisialdi osasungarriaz, ingurune seguruaz eta garapen pertsonal, sozial eta hezigarriaz gozatzeko aukerak izango dute. Miribilla-San Adriango Gaztegunea udal-sareko hamargarrena da eta ateak ireki zituen pasa den ostiralean, hilak 11, zenbait hilabetetan obrak egin ondoren. 

Gazteguneak astelehenetik ostegunera irekiko du 17:00etatik 20:00etara, eta ostiraletan eta larunbatetan 17:00etatik 21:00etara. Hala ere, ordutegi hori aurrerago aldatu daiteke eta funtzionamendua inguruko ikastetxeen ordutegira eta adingabeen beharretara egokitu daiteke. Gaztegunearen programazioa ere egokitzen joango da, erabiltzaileen proposamenen arabera.

Aste Santuan programazio berzia eskainiko du. Zeramika polimerikoa, STEAM (robot artista), pirografia, RUBIK, akuarela edo dantza eskainiko ditu, eta gainera, interesa daukaten pertsonak espazioaz gozatzera eta adin bereko gazteen artean sozializatzera ere joan ahal izango dira.

Gaztegunean Maker gune bat dago, Do it yourself filosofian oinarritutako espazioa, eta Bilbao Gazte STEAM Estrategiarekin lotutako ekipo eta jarduerez ere gozatu ahal izango dute. Jarduera horiek bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzen dituzte gazteen artean eta besteak beste Green Power, robotika eta LEGO programazioa, 3D inprimaketa eta antzekoak egin ahal izango dira. Era berean, espazio diafano handi bat dauka ikasteko edo taldeko lanak egiteko mahaiekin, Gaztegunean programatutako jarduerak egiteko eta jarduera dinamikoetarako gunea, hala nola dantza egiteko edo erlaxatzeko gunea.

Horrela, udal-ekipamendu berriaren helburua da aisialdi osasungarriko gunea izatea, inguruko gazteentzat erakargarria eta dinamikoa izango dena. Komunikazio-hizkuntza euskara izango da, ekipamendu berriaren diseinuan parte hartu duten familien eta gazteen eskaerari erantzuteko.

Bestalde, Udalak aurreratu du lanean ari dela hilabete batzuetan Haurgunea irekitzeko. Gaztegunearen ondoko espazio batean egongo da, eta 3 eta 11 urte bitarteko umeentzat izango da.