Dispertsioaren aurkako sarea aurkeztuko dute Santutxun

uriola.eus 2014ko aza. 25a, 08:20

"Ezberdin pentsatzen" dutenen artean, "eremu ezberdinetan mugitzen" direnen artean, "sektore ezberdinetan lan egiten" dutenen artean, baina "pertsona ororen giza eskubideen errespetuan sinesten dugunok, tartean euskal presoenak", elkarlana egiteko prest agertu dira.

"Euskal presoak etxera" ekartzea "posiblea" da, "beharrezkoa eta ezinbestekoa", adierazi dute Sare Dinamikako kideek. Santutxuko hitzordua gaur izango da. Azaroak 25, asteartea arratsaldeko 7:00etan, Karmelo Elizako Areto Nagusian (sarrera, Caserio Landaburu kaletik).

Joan den irailetik

Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarra joan irailaren 20an aurkeztu zuten Miribillan. Bertan, dispertsioarekin amaitzeko beharra azpimarratu zuten eta arlo politiko, juridiko, kultural, instituzional eta akademiko ezberdinetako herritarrek parte hartu zuten bertan.

Ekitaldiaren bidez, apirilera bitartean sakabanaketarekin bukatzeko emango ziren urratsak jendarteratu zituen Sarek. Besteak beste, dispertsioaren liburua argitaratzeko asmoa erakutsi zuen, Euskal Herrian ematen den "eskubide urraketa" modu argian azaltzeko. Azaroaren 1ean, liburuaren 500.000 aleak prest zeudela jakinarazi zuten.

Dinamikak aurrera pausoak ematen jarraitzen du; baita herri zein auzoetan ere. Esaterako, azaroaren 7an, deustuarrek, euskal preso politikoen alde auzoko frontoia bete zuten. 

 

[2014/11/07] Dispertsioaren aurkako sarea sortuko dute arratsaldean Deustun

[2014/09/20] Milaka lagun bildu dira Miribillan sakabanaketarekin amaitzea exijitzeko