Oihana Mardaras santutxuarra aske utziko dute

uriola.eus 2015ko api. 23a, 13:48

Santutxuko presoaren gertukoek URIOLAri jakinarazi diotenez, astelehenean izan zen bere aurkako azken epaiketa, Abusuko Tomas Meabe Casa del Pueblo-ren kontrako ekintzan parte hartzea leporatzen zioten, eta sententziaren zain dagoela aske utzi dute. Apirilaren 14an, Auzitegi Gorenak, EITBren egoitzaren aurkako atentatuaren parte hartzeagatik ezarritako 29 urteko espetxe zigorra baliogabetu zion. 

Lau sumario izan ditu Mardarasek bere gain. Lehenengoa artxibatu egin zuten, beste batean askatasuna eman zioten; hirugarrenean, apirilaren 14an, EITBren egoitzari eraso egitea egotzita Auzitegi Nazionalak ezarritako 29 urteko espetxe zigorra bertan behera utzi zuen Auzitegi Gorenak froga faltagatik. Hala ere, laugarren sumario batengatik azken epaiketa izan zuen astelehenean, 2008ko apirilean Abusuko Tomas Meabe Casa del Pueblo-ren kontrako ekintzan parte hartzea egozten zioten honetan.

Gaur, epaiaren zain dagoela, jakinarazi diote Mardarasi aske geratuko dela. Bere senide eta lagunak Madrilerako bidea hartu dute.

Sei urte eman ditu preso Mardarasek, azkenak Soto del Realen.

 

[2014/09/08] Oihana Mardaras santutxuarra EITBren aurkako atentatuagatik epaitzen ari dira Madrilen

[2014/09/22] 29 urteko espetxe zigorra ezarri dio Auzitegi Nazionalak Oihana Mardarasi

[2015/04/14] Auzitegi Gorenak Oihana Mardarasi ezarritako 29 urteko kartzela zigorra baliogabetu du