Zergatik zaudete haserre?
Engainatuta sentitzen gara. Eusko Legebiltzarrean eta Bilboko Udalbatzako Osoko Bilkuran talde politikoetako ordezkariekin bildu gara. Gure ikastetxean eraikitzen ari diren aterpean komunak ezartzeko beharraz hitz egin diegu. Bidezkotzat jo dute gure eskaria. Erantzun digute guk eskatutako aldaketak egiteko ahal duten guztia egingo dutela. Baina ez da ezer gertatu. Ez du ondoriorik izan.
Esan bai, egin ez.
Legebiltzarreko eta Udaleko saioak grabatuta daude gainera. Oso argi entzun daiteke nola esaten diguten Jaurlaritzako arduardunek arkitektoak gurekin elkartuko direla lanak adosteko. Arkitektoak ez dira agertu, eta aterpea eraikitzeko lanak aurrera doaz, aldaketak egin gabe.
Bitxia da talde politiko guztiek Aterpe batzordeari babesa agertu diotenean.
Oposizioko taldeek elkartasuna agertu digute eta gure eskaera babestu dute, baita EAJ eta PSEko kideek ere. Haserrea eta amorrua sentitzen dugu baiezkoa esan arren, ordezkari politikoek esandakoa bete ez dutelako edo esandakoa betetzea lortu ez dutelako.
Salatu duzuenez obrak ez dira udan eten.
Ikasturtea amaitu eta oporretan indarrik gabe gaudela baliatu dute obrarekin aurrera egiteko. Nahiz Aterpe batzordeko kideok jarraitzen dugun lanean idazkiak bidaltzen eta talde politikoekin harremanetan, ikastetxeko familien indarrik ez dugu, eta hori obrako arduradunek badakite. Gero eta gutxiago gara auzoan egunotan.
Aterpea eraikitzeko obra geldi egon da. Zergatik?
Obrak gelditu zituzten guk zergatia jakin gabe, hiru astetan, ikasturte amaieran. Uste genuen aldaketak egiteko gelditu zituztela. Gainera, obrako Ispizua arkitektoak eta Jon Zuazo Eusko Jaurlaritzako begiraleak esan ziguten bilera batean aldaketa txikiekin komunak sar zitezkeela aterpean aurrekontua asko handitu gabe. Ondoren, Legebiltzarrean eta Udalbatzan jasotako babesarekin itxaropentsu atera ginen. Baina azkenik jakin genuen geldialdi teknikoa baino ez zela izan obran lanean ari den enpresaren batek arazoak izan dituelako. Konpondu arte gelditu ziren.
Zein unetan dago aterpeko obra?
Aterpera iristen den azken aldapa egiten hasi dira. Kontsultatu dugun arkitekto baten arabera, komunak aterpean ezartzeko azken aldapa hori aldatu behar da. %2ko maldaren ordez %8koa izan beharko luke komunak eraikitzeko. Arkitektoak dio aldaketa txiki horrekin badela lekua aldaparen azpian komunak ipintzeko. Kontua da, obra hasi dela eta azken aldapa horren azpian ezingo dela ezer kokatu. Asko haserretu gara horregatik.
Zergatik da garrantzitsua zuentzat aterpean komunak egotea?
Guztiz beharrezkoak ditugu komunak aterpean, ikastetxe barruko komunak oso urrun daudelako. Aterpetik 200 metrora dago lehen komuna, eta hiru solairuren pareko tartea igo beharko da iristeko. Aterpe berriaren funtzionamendua oso zaila izango da komunik gabe. Derrigorrezkoak dira komunak bai ikasleentzat bai aterpea erabil dezaketen auzotarrentzat.
Itxaropena galdu duzue?
Bi komun txiki eta iturri bat jartzeko, agian, 13 metro karratu atera daitezke. Horrela gabiltza, gero eta gutxiago eskatzen. Hasieran aterpean aldagelak eta komunak eskatzen genituen. Orain komun txikiak baino ez. Erlojuaren kontra ari gara, eta une honetan komunak kontuan hartzen ez badira gero arazo tekniko asko izango ditugu komunak jarri ahal izateko.
Ikasturte berrian zer?
Borrokan jarraitu beharko dugu aterpeagatik eta ikastetxeko beroagatik. Garcia Rivero eta Felix Serranorekin elkartuko gara ondarearen babesa duten ikastetxeetan aldaketak egiteko.
[2017-04-25] Jolastoki berrian komunak, aldagelak eta pasabide estalia eskatu ditu Aterpe batzordeak
[2013-12-20] Briñas ikastetxeko kideek aterpeak eskatu dizkiote Olentzerori