Labore Bilbo elkarteak ateak zabaldu ditu gaur goizean

bertonaldizkaria 2017ko abe. 1a, 12:09

Elikadura burujabetza bultzatzea eta saretzea xede duen proiektua da Labore Bilbo. Gaur goizean bazkideentzako ireki ditu ateak denda itxurako kontsumo elkarteak Santuxun, Haro plazan, 500 metro karratuko lokalean. Arratsaldeko 19:00etan, guztientzako ate irekiera egingo dute. 

Labore Bilbo elkartearen helburua "ahalik eta jende gehienari bertokoak diren kalitatezko produktuak eskuragarri jartzea" da. Elkartekideen esanetan, zerbitzu zabal eta erakargarria eskaintzea ezinbestekoa da "presaka bizi garen jendarte honetan". 

Santutxuko Haro Plazako 3. zenbakian kokatutako dagoen lokalak gaurtik aurrera ohiko denda eta saltokien ordutegi berdintsua eskainiko du. Bertako jaki osasungarriak egongo dira salgai Laboren. Agroekologiaren baitan produzituak eta, "zer esanik ez, harreman soziolaboral justuetan oinarrituak", Laborekideen arabera. Osasun zein jatorriaren inguruko garantia guztiak zehazteko batzorde tekniko zabal bat osatu dute, eta proposaturiko irizpideak asanblada bidez izango dira onartuak. 

Labore Bilbo irabazi asmorik gabeko elkarte bat da. "Bestelako ekonomia eredu batean" sinisten duena. "Harreman eta prezio justuetan" oinarritzen den ekonomian, alegia. Hori dela eta, elkarte berrian, kontsumitzaileek kalitatezko produktuak "prezio herrikoietan eskuragarri" izango dituzte, hornitzaile izango dituzten nekazariek "prezio duina" jasoko dute jakien truke eta elkartearen baitan "lanpostu duinak" sortuko dituzte.  

Bazkideak oinarri

Labore Bilbo auzolanean finkaturiko proiektu profesionala, da eta proiektuaren bizkarhezurra bazkideek osatzen dute. Bazkideak dira Laboreren jabe eta garante, "modu zabal eta demokratikoan" antolatuak. Hilabete gutxian 250 bazkidetik gora batu ditu. 500 bazkidera heltzea espero dute urtea bukatu baino lehen. 

www.laborebilbo.eus

[2017-10-20] Labore Bilbo kontsumo kooperatiba agroekologikoa zabaltzear da