Beste erosketa mota bat egiteko aukera

bertonaldizkaria 2017ko abe. 4a, 10:53
Alaitz Ajuriagerra da Labore Bilbo elkarteko kudeatzailea

Abenduko lehen egunean zabaldu ditu bere dendako ateak Labore Bilbo kontsumo elkarteak Haro plazan, 500 metro karratuko lokalean, anbulategi zaharra zegoen lekuan. Alaitz Ajuriagerra da Labore Bilbo elkarteko kudeatzailea.

Zer sentitzen duzu Labore Bilbo elkartearen ateak zabaldu berritan?

Alde batetik, poztasuna, azkenik elkartearen atzean dagoen lan guztia martxan ipini dugulako. Bestetik, ilusioa, proiektua bideratzeko. Ea arrakasta duen.

Zein da Labore Bilbo elkartearen ekarpen handiena?

Ekoizleak eta kontsumitzaile edo bazkideak elkartzea, eta zuzeneko harremana lantzea.

Zer eskainiko die elkarteak kontsumitzaile-bazkideei?

Bertako produktuak, kalitatezkoak, agroekologikoak… filosofia horren barruan dagoen produktu eskaintza anitza eta zabala.

Bilbotarren artean elikadura burujabetzarekiko interesa badago?

Hirian badaude kontsumo elkarte txiki asko. Elikadura burujabetzak geroz eta interes handiagoa sortzen du. Beste herrialde batzutan ikusi dugu gurea bezalako kontsumo elkarteek aurrera egin dutela, eta uste dugu Bilbon ere potentzial handia dagoela horretarako.

Elkartean 300 bazkide zarete. Lortuko duzue 500 bazkidera heltzea urtea amaitu baino lehen?

Denda zabaldu baino lehen bazkide egin den jendeak apustua egin du ezer ikusi gabe, proiektuan sinesten zuelako. Lagun asko zain egon dira denda non kokatuko zen jakiteko edota produktuak zeintzuk izango ziren jakiteko. Denda zabaldu dugunetik, jende asko hurbildu da bertatik bertara ezagutzera.

Bazkideek eraiki duzue elkartea eta bazkideek erabakiko duzue elkartean.

Proiektuaren bizkar-hezurra bazkideok osatzen dugu. Bazkideok gara Laboreren jabe eta garante. Modu zabal eta demokratikoan antolatzen gara.

Zer emango dio elkarteak Haro plazari eta Santutxuri?

Gurea bezalako elkarteak plazari bizitasuna emango dio. Santutxun jende asko bizi da, eta beste erosketa mota bat egiteko aukera emango dio elkarteak bai Santutxuri bai Bilbo osoari.

Labore Bilboren denda ezagutu nahi duenak sarrera librea du?

Dendara etortzea dauka. Bertan azalduko diogu zertan datzan proiektua eta, interesa badu, zeintzuk diren bazkide egiteko urratsak.

Edonor izan daiteke Labore Bilbo elkarteko bazkide?

Edonor izan daiteke, baina posible da prezio aldetik jende askorengana ez heltzea. Ez dira oso prezio altuak, baina bakoitzaren ekonomia bakoitzaren ekonomia da. Prezio duinak ordaindu nahi badizkiegu gure ekoizleei bazkideek ere prezio justua ordaindu beharko dute produktuak erostean. 

 

www.laborebilbo.eus

[2017-12-01] Labore Bilbo elkarteak ateak zabaldu ditu gaur goizean

[2017-10-20] Labore Bilbo kontsumo kooperatiba agroekologikoa zabaltzear da