Amaiera tristeari agur alaia

bertonaldizkaria 2018ko urt. 19a, 11:14
Argazkia: Iñigo Azkona

Mahatserriko Berton aldizkariak 20 urteren ostean bere amaiera iragarri zuenetik asko izan dira aldizkariko lantaldeak jaso dituen agur mezuak. Bihar arratsaldean aldizkariaren lagun eta babesleak elkartzekoak dira Berton-i "merezi duen agurra" egiteko.

Gorka Berton aldizkariko erredakzio taldeko kide izan da. Bere hitzetan, esperientzia "paregabea", izan da. "Ikasketetan trebatzeko aukera emateaz gain, auzoan eta inguruan gertatzen zenari zein egiten zenari buruzko lehen eskuko ezagutza" eskaini dio. Auzora "hurbildu" du Berton-ek.

Karmelo ikastolak "20 urteotan euskararen alde egindako lan guztiagatik" eskerrak eman dizkio Berton-eko lantaldeari mezu baten bitartez. "Luxu bat izan da, hilabetero esku artean euskara hutsean dagoen eta auzoa eta auzotarrengandik hain hurbila den aldizkari bat izatea". Irakurle ez ezik Karmelo ikastolak "pozik" hartu du parte Berton aldizkarian ikastetxeei eskainitako atalean ere. "Zein ideia ona benetan", dio Karmele Aurrekoetxea zuzendariak. 

Dabid orain dela 13 urte hasi zen Barakaldon Mahatserriko aldizkaria jasotzen, Santutxuko berbalagunean izena eman eta gero. Berarentzat eta askorentzat etxera sartzen zen "euskara bakarra" izan da Berton. "Mila esker euskara nire etxera ekartzearren", dio Dabidek. "Esker mila zuen lanagatik eta barakaldarrei ere Errepublika zaharreko kontuak zabaltzeagatik. Esker aunitz lagun eta ezagun sarea handitzen laguntzeagatik". Aitortu duenez, kostako zaio Berton-en hutsunea ordezkatzea, "metroko bidaiak oraindik liburuak eta aldizkariak irakurtzen gustuko duenik badago eta".

 

Amaiera alaia

Mezu asko eta hunkigarriak izan dira Berton-eko lagunek azken egunotan handik eta hemendik jaso dituztenak. Guzti horiei erantzuten ahaleginduko dira hurrengo egunetan. Eta batik bat bihar, larunbata, Karmelan (Fika 44) 19:00etatik aurrera antolatu duten agur-jaian aurrez aurre egiteko aukera izango dute. 

Jai xumea izango da, "aldizkariak merezi duen despedida", Lur Mallea aldizkariko zuzendariaren arabera, "baina ez dugu ekitaldi tristea izaterik nahi, 20 urtetako lana ospatuko dugu, eta aurrerantzean Interneten, Uriola.eus plataformaren bidez egingo dugun lanaren berri emango dugu". Jai ireki eta parte-hartzailea izango da biharkoa, eta "Berton-en lagun guztiak gonbidatuta daude".  

 

[2018-01-17] Papereko azken 'Berton' aldizkaria

[2017-12-22] BERTON aldizkaria: Itzela izan da