Bi urte eman ditu Udalak prozesu parte-hartzaileen bitartez Matiko auzoko Uzturre plaza berritzeko eta eraldatzeko ekarpenak jasotzen. Izan ere, Udalak esku artean izan zuen lehen proiektua "oso garestia" eta "zentzugabea" zen Gure Etxea auzo elkarteko Karlos Ruizen iritziz. Ingurua zazpi metro behera jaistea aurreikusten zuen, "plaza zulo batean sartuz". Auzotarrek "erabat" baztertu zuten, baita Udalak berak ere azkenean.
Ondoren, Udalak proiektu berri bat diseinatu zuen, eta lan horretan oinarrituta dago egun lizitazio fasean dagoen Uzturre plaza eraberritzeko obra. "Askoz merkeagoa eta egingarriagoa" den arren, ez ditu Gure Etxea elkarteak proposatutako hobekuntzak kontutan hartzen. "Oinarrizkoak" diren aldaketak, Ruizen arabera.
"Horma handi bat" eraiki nahi du Udalak Uzturre plaza berrian. Gure Etxea elkarteak, aldiz, horma beharrean, eskailerak egitea proposatu du, "jaitsiera leuntzeko" eta "sarrera-irteerak bermatzeko". Gune aldapatsua izaki, "plaza erakargarria izatea lortu behar dugu, eta horretarako sarrera eta irteera asko izan behar ditu".
Elkartekideek badute beste proposamen bat Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuen Sailarentzat. "Ondotik pasatzen den Bilbo-Lezama trenbidea ez denez aurrerantzean erabiliko, trenbide zati horretan, Uribarri eta Salbe bitartean, oinezkoentzako gune berdea eraiki dezala. Horrela, guk proposatzen dugun Uzturre plaza lotuta geratuko da oinezkoentzako gune berri horrekin".
Obra lizitazio fasean badago ere, "alda daiteke". Karlos Ruizen esanetan, "Udalak ez du gustuko bere proiektuak aldatzea, baina guk eskubidea dugu iritzia emateko eta entzunak izateko".
Sinadura bilketa
Uzturre plazaren inguruan bizi diren auzotarrek jarri dute ekimena abian, hain zuzen ere, San Pedroko Hormak, Rikardo Arregi, San Roke eta inguruko kaleetako bizilagunek. Gure Etxea elkarteak Uzturre plazarako diseinatu duen proposamena hobesten dute Bilboko Udalaren proposamenaren aurretik, eta sinadura bilketarekin Matiko eta Uribarriko auzotarren babesa lortu nahi dute.
Jasotako sinadurak Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuetako Sailarera bideratuko dituzte. Babes bilketa horretan laguntzaile dute Gure Etxea auzo elkartea.
[2017-01-10] Gure Etxea: Uzturre plazarako proposamen berri bat
[2016-12-29] Jesus Insausti 'Uzturre' plaza berritzeko lanak lizitatu ditu Udalak
[2014-11-07] Gure Etxea: Uzturre plaza: proposamen ezberdinen aurrean zer?
[2014-07-15] Gure Etxea: Uzturre plazaren birmoldaketari proposamenak egiteko unea