Anitza izan zen parte-hartzea atzo arratsaldeko elkarretaratzean. Uribarriko auzotarrak, auzoko elkarteetako ordezkariak, Bilboko Udaleko zinegotziak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria batu zituen, besteak beste, Erasorik ez erantzunik gabe zioen pankartaren inguruan. "Ez dugu, ez gure auzoan, ez inon, horrelakorik onartuko", adierazi zuten bertan elkartuek.
Uribarriko Gazte Feministek "nazka" agertu zuten igande goizaldean auzoan emakume batek bere bikote ohiarengandik jasandako erasoaren aurrean, eta indarkeria sexistari "lehen mailako arazo" bezala erantzuteko exijitu zuten: "Nazkatuta gaude sistema patriarkatuaren ondorioak jasateaz, eta argi daukagu hau ez dela izan kasu isolatu bat; indarkeria sexistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen du". Neurriok iritsi bitartean, "autodefentsa feministarako deia" egin dute, "gure bizitzak direlako arriskuan daudenak".
Erasoa joan den igande goizean gertatu zen. Emakume bat larriki zauritu zuten Uribarri kalean. Bere bikotekide ohiari leporatzen diote erasoa, eta atxilotua izan zen. Emakumeak ospitalean jarraitzen du egoera larrian, baina bere bizia ez dago arriskuan.
Baina ez da joan den asteburuan Bilbon ezagutu den genero indarkeria kasu bakarra. Labayru kaleko etxebizitza batean, gizon batek emakume bat erasotu zuten. Gizona atxilotua izan zen eraso horren erantzule jota.
[2017-09-19] Azken eraso sexista gaitzesteko elkarretaratzea egingo dute auzotarrek Uribarrin
[2017-09-18] Bi gizon espetxeratu dituzte emakumeak erasotzeagatik