Zorrotzako Taldeen Koordinakundeak eta auzoko bizilagunek elkartasuna adierazi zieten joan den larunbateko sutean lau senide galdu dituzten Barinaga kaleko familiei eta lagun hurkoei. Isiltasunean burutu zen manifestazioa, Azoka plazatik Landa auzunera arte, xingola beltza zuen pankarta zuria buru zuela. Barinaga kaleko 7. zenbakiaren parean eman zioten amaiera manifestazioari, sutea piztu zen etxearen parean. 500 bat partaideren artean zeuden, besteak beste, Zorrotzako auzotarrak, Kale Dor Kayiko ijitoen elkarteko kideak eta hainbat eragiletako ordezkariak.
Gaur, sutean hildako bi umeak omenduko dituzte Zorrotzgoitiko Zazpilanda ikastetxean. Ikasle ziren eskolan, alegia.
Azken orduetan bi umeen aititearen osasun egoerak okerrera egin du. Oso larri dago Gurutzetako Ospitaleko Erredura Handien Unitatean. Arnasteko laguntza mekanikoa jarri diote. Gizonak erredurak ez ezik balkoitik salto egiteak eragindako kolpeak ditu.
Larunbataz geroztik Barinaga kaleko 7. zenbakiko eraikinak hesituta jarraitzen du. Udal teknikariek eta suhiltzaileek ziurtatu dute teilatua jausteko arriskuan dagoela, eta eraikina eraisteko agindua eman dute. Landa eremuan beste bi eraikin ere eraitsiko direla jakinarazi zien atzo Udaleko ordezkaritza batek Zorrotzako Auzo Elkarteko kideei. Bi orduz luzatu zen bilera "baikorra" izan zen auzotarren arabera: "Gu, auzotar gisa, elkarrizketarako eta gure esku dauden ekarpenak egiteko prest gaude".
Udaletxea inguratzeko deia
Sare sozialen bidez zabaldutako bideo batean Vendetta filmeko pertsonaia nagusiaren mozorroa jantzita duen lagun batek Bilboko alkatearen hitzak eta jarrera kritikatu ditu. Alkateak "hipokresiatzat" jo zituen Zorrotzako Auzo Elkartearen hitzak, Landa auzuneko tragedia "aurreikusita" zegoela zioten hitzak, hain zuzen. Auzo elkartearen adierazpenok Zorrotzako Taldeen Koordinakundeak ez ezik oposizioko EH Bildu, Udalberri eta Goazen Bilbaok ere babestu ditu.
Bideoan, "Aburtok ez dakienez entzuten, irakurri egin beharko gaitu" dio V de Vendettaren pertsonaiak, "auzoen abandonoak hil egiten du" dioen kartela eskutan duela, eta ostiralean, ekainak 2, 19:00etan, "Udaletxea inguratzeko" deia zabaltzen du.
Orain baino lehen, Espazio publikoaren erabilerarako udal ordenantza polemikoaren aurka protesta egiteko mezua zabaldu zuen V de Vendettak. 2011n Bilboko Kale Nagusia okupatzera dei egin zuen.
2012an hainbat gizarte eragilek Udaletxea inguratu zuten pankarta eta oihu artean Bilboko Udaleko aurrenkotuen murrizketak salatzeko.