Udalak autokritikarik ez Zorrotzako sutearen aurrean

uriola.eus 2017ko eka. 5a, 18:00

Iturria: EH Eskubideen Karta

Bilboko Hiri Segurtasunerako zinegotziak adierazi du sutearen arrazoiak udal jardunarekin lotzeko frogarik ez dagoela. Horrekin batera, ezbeharra gertatutako etxebizitza erortzeko arriskurik ez zegoela informatu du. Oposizioa irmo agertu da udal gobernuaren kontra.

Bilboko Hiri Segurtasunerako Asier Abauntzak, Hiri Plangintzako zinegotzia Tomas del Hierrok eta Gizarte Ekintzetako arduraduna Iñigo Pombok agerraldia egin dute maiatzaren 27an Bilboko Zorrotza auzoan jazotako suteak jendartean eta oposizioan harrotu duen hautsa dela-eta. Abauntzak adierazi du sutearen arrazoiak lotzeko frogarik ez dagoela. Horrekin batera, ezbeharra gertatutako etxebizitza erortzeko arriskurik ez zegoela informatu du, nahiz eta etxe barruko argindar instalazioa egokitu gabe zegoela onartu duen. Hala ere, jabeei hori hainbat aldiz aldatzea eskatu zietela azpimarratu du. Datuen arabera, etxebizitzako ordezkari batek obra-baimena eskatu zuen eta behin-behineko lanentzako koadro elektrikoa instalatu zen, haatik, argindarra egokitzeko lana ez zen inoiz burutu.

Del Hierroren arabera, sutearen egunean protokolo guztiak behar bezala ipini zituzten martxan, eta segurtasun zerbitzuak ongi koordinatu zirela adierazi du. Azaldu duenez, larrialdiei abisua beranduegi bidaltzeak ezinezkoa egin zuen lau pertsonen bizitza salbatzea. Ertzaintzak gertatzen ari zenaren berri emateko lehen deia 06:34ean jaso zutela informatu du eta suaren eta kearen oinazeak ikusita, sutea eskaileren kutxaren oinarrian hasi zela ondorioztatu dute. Hiri Plangintzako zinegotziak ezbeharra jazotako inguru osoko eraberritzea iragarri zuen, baita hiri-antolamendutik at dauden eraikin guztiak desjabetzeko asmoa ere.

 

Oposizioa

Oposizioa irmo mintzatu da kasuari buruz. Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak autokritikarik ez egitea egotzio dio Udalari. Udalberriko Carmen Muñozek esan du Udalak istripu bat gertatzen denean baino ez duela erantzuten eta auzoen arteko desoreka azpimarratu du. Azkenik, Luis Eguiluz PPko bozeramaileak zehaztu du biztanle orok etorkizuna izan behar dutela, eta, hortaz, "lagundu egin behar zaien arren, laguntzen utzi behar dutela, eta beti ez dela erraza izaten".

 

Negligentzia

Zorrotzako Taldeen Koordinakundeak maiatzaren 31n egindako agerraldian esan zuen "ikertuta eta egiaztatuta dagoela" su hartu zuen Barinaga kaleko eraikinaren egoera kaskarrak, eraikinaren aintzinatasunak eta bizilagunen bazterkeria egoerak "harreman zuzena" duela. Familia kaltetuak Marcos Garcia Montes abokatuaren laguntzaz epaitegira eramango du Bilboko Udala hilketa zuhurtzigabea, kalteak eta arduragabekeria egotzita.

 

[2017-06-01] Mikel Argiñarena: "Negar egiteko ordua"

[2017-06-01] La Landarako eta bazterketa arriskuan dauden beste guneentzako behin betiko soluzioa eskatu du EH Bilduk

[2017-05-31] Gaur "kaltetuen ondoan", bihar "lanerako prest" Zorrotzan ez dadin gertatu beste ezbeharrik