Urtebete daramate ikastetxean pantaila ezartzeko zain. "Kutsadura elektromagnetikoaren aurrean, ikasleak babesteko" 2013ko abenduan Hezkuntza sailak hartu zuen konpromisoa ez du bete gaur udaletxeko protestaldian Errondagane guraso elkarteko Fernando Cuevasek adierazi duenez. "Hezkuntza sailetik, Osasun sailetik hitz oso politak jaso ditugu, baina urte eta erdiren ostean, egoera berean jarraitzen dugu". Arazoa "ikustarazteko ordua zela" pentsatu dute, eta gaur ikastetxeko 235 ikasletik 175 ez dira klasera joan. Horren ordez udaletxeko eskaileretan protestaldia burutu dute. Kalera irtenda euren "ezohiko" egoera ezagut dadila nahi izan dute. "Europak gomendatu baino 200 aldiz erradiazio gehiago jasatzen dugu".
"Bidegabekeria da" da Cuevasen esanetan erakundeen neurri falta Solokoetxen. Gasteizen, esaterako, Ibaigane ikastetxean, "maila gutxiagoko kutsadura izanik, aurten bertan pantaila jarri dute. Guk ere hori eskatzen dugu: berehala pantaila eta berehala 0,1".
Gaurko agerraldian Udalak "pausoak eman dituela" kutsadura murrizteko aitortu du Errondagane guraso elkarteko presidenteak, "baina ez da Europako batzordeak gomendatzen duen 0,1eko neurrira iritsi. Gure seme-alaben osasuna oso garrantzitsua da, eta zentroan berehala neurriak hartzeko eskatzen dugu".
Solokoetxe inguruan erradiazioa neurtzen duen makina mugitzeko eskaria egin diote gurasoek Udaleko ordezkariei. Izan ere, neurgailuak hesi bat du ondoan, eta hesiaren ondorioz "erdira murrizten ditu balioak". Makina hesiaren beste aldean kokatuz gero "jakingo dugu benetan zein kutsadura maila daukagun".
[2014/09/03] Solokoetxeko ikasleak ostegunean ez dira klasera joango antenen erradiazioa salatzeko
[2014/06/18] Beste aste batez Solokoetxeko antenak kentzea galdegingo dute gaur arratsaldean
[2014/06/11] "Antenarik ez, 0,1 ya" lelopean elkarretaratzea egingo dute Solokoetxeko auzotarrek
[2014/06/05] "Antenarik ez, 0,1 ya" lelopean beste elkarretaratze bat