Aitor Fernandez eta Aingeru Cardaño askatzea eskatu dute aho batez Indautxun

uriola.eus 2015ko ira. 2a, 09:14

Hainbat lagun bildu ziren atzo arratsaldean Indautxun Aitor Fernandez Piol eta Aingeru Cardaño askatzea exijitzeko. Auzoan zehar manifestazioa egin zuten eta gaur, irailak 2, beste protesta bat deitu du Santutxuko Ezker Abertzaleak, 20:00etan, Karmelo plazan.

Atzo goizean atxilotu zituzten bi gazteak, Piol Bilbon eta Cardaño Munitibarren. Abuztuaren 20an prentsaurrekoa eman zuten 2001eko kale istilu batzuengatik, Auzitegi Nazionalak espetxeratze agindua eman ziela eta hiru urteko kartzela zigorra bete beharko zutela salatzeko. Abuztuaren 28an bukatu zitzaien espetxean haien borondatez aurkezteko epea eta ordutik, haien aurkako atzemate agindua indarrean zen.

Atxiloketen harira, atzo arratsaldean ehun lagun inguru bildu ziren Kirruliren txokoan, eta Indautxun barrena manifestazioa egin bi gazteen askatasuna galdegiteko. Gaur, aldiz, elkarretaratzea egongo da Santutxuko Karmelo plazan 20:00etan. 

[2015-08-20] Kartzelaratze arriskuan dauden bi bilbotarrek desobedientziarako hautua egin dute

[2015-09-01] Aitor Fernandez 'Piol' eta Aingeru Cardaño atxilotu ditu Ertzaintzak