Egunero ekintza ugari burutzen ari dira bertan. Gaur, urriak 23, osteguna, gunearen azken eguna, 12:00etatik 13:00etara, elkarretaratzea egongo da; ondoren, 14:00etan, agitazioa eta propaganda; 17:00etan, Konpromiso Keinuen baitan, Gotzon Barandiaran eta Rafa Rueda (Poema musikatuak) arituko dira; 18:00etan kontzentrazioa egingo dute Sabin Etxearen aurrean eta bukatzeko, 20:00etan Konpromiso Keinuen baitan ere, Francis (Doctor Deseo), Oihana Bartra eta Mikel Etxaburuk babesa emango diete Larriki gaixo daude presoei eta haien senideei.
Honetaz gain, 19:30ean, Plaza Biribiletik abiatuko den manifestazioak Bilboko kaleak zeharkatuko ditu "Gaixorik dauden presoak etxera ekartzeko denok dugu giltza!" lelopean. Parte hartzaileei giltza bat eramatea eskatu diete, ondoren espetxe administraziora bidaltzeko.
Ibon Iparragirren osasuna okerrera
Larriki gaixo dauden hamaika euskal preso politikoen artean dago Ibon Iparragirre. Asteartean, bere anaiak, Jon Kirru Iparragirrek eman zion irekiera gune honi, larrigaixo dauden presoen auzia "agenda politikoaren erdigunean" ezartzea exijituz. Izan ere, Ibonen egoerak okerreragin du nabarmen. HIES gaitza dauka, "C estadioan, azken estadioan", eta horrek hainbat patologioa eragin dizkio. Egunetik egunera ikusmena galtzen ari da eta, horrez gain, atake epileptikoak dauzka. Hiru eguneko bidaiak, asteartean Bilbon izandako epaiketara joateko, gerrian eta lepoan min handiak sortu dizkio. Astelehenean Txagorritxuko ospitalean artatu zuten Ibon eta medikuek senideei jakinarazi zietenez, "baliteke hezur-muinean lesioa izatea".
[2015-10-19] Plaza Biribila 'Etxera-Gunea' izango da hiru egunez