Gabriel Arestiren inguruko hitzaldia hartuko du Bidebarrieta Liburutegian urriaren 14an, ostirala, 19:00etan hasita.
Arriagaren ekoizpen propio berriak urriaren 14an, ostiralean, 19:30ean izango du hitzordua. Lucía Astigarraga izango da eszena-zuzendaria eta Conductus Ensemblek Buxtehudek 1680an konposatutako musika joko du Andoni Sierraren musika-zuzendaritzapean.
Itaiak, emakume sozialisten antolakundeak, aurkezpena antolatu du urriaren 14an (ostirala), Pilota kalean kokatuta dagoen Ekoetxean. 19:30ean hasiko da, eta amaitu ostean, Puñales-en musikak girotuko du Somera kaleko Bidaide taberna. "Emakume langileon askapena gauzatzera bidean, aurtengo erronkak eta horiei heltzeko proposamenak mahaigaineratuko ditugu. Bestalde, martxan ditugun tresnen garapenaz eta aurtengo lan planteamenduaz arituko gara", azaldu du Itaiak.
Natalia Suárez Ortiz de Zarateren Jade erakusketa ikusgai dago urriaren 14ra arte. 2021ean ekoizpen-zentroan beka jaso zuen artistak, azken urtean egindako olio-pinturen eta tinta japoniarreko marrazkien aukeraketa batekin beteko du arte erakusketa aretoa.