"Hainbat urte igaro eta gero", konpartsek eta Udalak elkarlanean, Jai Batzorde Mistoak alegia, goitibeheren lasterketa antolatu dute: Goitibeherak. I. Open Aste Nagusia. Hitzordua abuztuaren 23an izango da, larunbata, Zumalakarregi etorbideko bihurguneetan 11:00etatik aurrera. Ez dira goitibehera klasikoak soilik lehiatuko. Ez. Irristaketa kirolak aurrerapauso handiak eman ditu eta inertziako kirol modalitate ugari ikusi ahal izango dira ziztu bizian udaletxeko errebueltetan behera: Neumatikak, Arrodamenduak eta Arinak -Gravity Bike, Street Bike, Long Board eta Drift Trike-. Saioa Euskal Ligarako baliogarri izango da. Izena emateko: www.fotomotor.es
Egun berean, abuztuak 23, baina arratsaldez Bandera Urdina eta Marroia banatuko dituzte konpartsek "Aste Nagusiko onenari eta txarrenari" eta, horrezaz gain, Kanpaia eta Eulia, txosnarik "ederrenari" eta "hobetzeko gehien duenari". Beste berrikuntzetako bat da Kanpaia eta Euliaren hautaketan bilbotarrek zein bisitariek bozka emateko izango duten aukera. Orain arte konpartsak eurak ziren euren artean txosnak saritu eta zigortzen zituztenak, baina aurten publikoari egokituko zaio epaile lana egitea. Aste Nagusian txosnetan eskuragai egongo den informazio orrietan azalduko dira bozka emateko xehetasunak.
Musika
"Leku berezia" du musika eskaintzak konpartsen egitarauan. Aurkeztu diren kontzertuei bestelako talde batzuk gehitu dizkiete gaurko agerraldian. Erromeria talde eta DJekin batera txosnetan izango dira, besteak beste, Willis Drumond, Porco Bravo, Nuevo Catocismo Católico, Cobra, Gose, Kasbad, Las Tea Party, McOnak, The Cherry Boopers, Pablo Hasel, Las Fellini, Erramun Martikorena, Anje Duhalde...
Areatza lapikoz beteta
Asteartetik igandera bitartean urtero bezala "Areatza lapikoz beteko da" sukaldaritza txapelketak direla eta. Aurten Arrain Fish Festival izenak bilduko ditu sei lehiaketak, eta Bilbora bisitan datozenei lehian parte hartuko duten talderen batekin bat egiteko aukera ahalbidetuko zaie. Umeentzako sukaldaritza eskolak ugaritu egingo dira; astelehen, asteazke eta ostiralean izango dira eta konpartsak lehen aldiz pintxo norgehiakoan lehiatuko dira -asteazkenean-.
Hiri Krosa ia-ia beteta
Txikienek baino ez dute Aste Nagusiko Hiri Krosean parte hartzeko lekua. Txupete kategorian 22 dortsal eta Benjamin kategorian 4 dortsak baino ez daude libre. Helduen dortsalak banatuta daude jada. 2.000 korrikalari izango dira irteeran, heren bat emakumeak. Partaideen artean hainbat naziotako ordezkariak. Eritrea, Maroko zein Euskal Herrikoak. Izena emateko: hirikrosa@bilbokokonpartsak.com helbidera idatzi.
Aste Nagusia "guztiona"
Bilboko jaien jatorri herrikoia gogorarazi nahi izan dute konpartsek gaurko prentsa agerraldian. "Orain dela 36 urte milaka bilbotarrek haien indarrak, ilusioa eta irudimena batu zituzten, haien buruari Aste Nagusiaren altxorra oparituz", adierazi dute, eta Aste Nagusiak jaberik ez duela azpimarratu dute, "ez da Marijaiarena, ez ta gurea, ezta ironera ere". Aire librearekin parekatu dituzte Bilboko jaiak, eta libre izanik denoi dagokigula apurtxo bat: "Aire librea da eta , ez delako irorrena eta, beraz, guztiona da".
Abuztuaren 16an, "kaleak hartzeko ordua" izango da. "Dantzatzeko, barre egiteko, jateko, jolasteko, elkarbanatzeko eta maitatazeko". Baina konpartsen esanetan, batez ere, "parte hartzeko", Aste Nagusiaren "gakoa" hori baita.
Ehunka aktibitate
Hortaz, Ekhi txanpona, Arrain Fish Festival eta gaur aurkeztutako goitibeherak dira 2014ko Aste Nagusiko berrikuntza nagusiak. Hauei "aktibitate mordo bat"gehitu behar zaie. "Ehunka" direnez eta denak izendatzea ezinezkoa denez, batzuk aipatu nahi izan dituzte konpartsek: igela eta tiragoma, skatea, dantza ikastaroak -euskal dantzak, salbel-dantza, Karibekoak...-, bertso-saioak, ginkanak, zuzeneko irrati saioak, musa, kukaina, txalaparta jaialdia, magic, bloodbowl eta warhammerra, Bilbo Kantari, herri kirolak, suzko zezena, Futbol 3 Athletic fundazioarekin, trainerak, kalejirak, arrantza eskola, antzerkia, xakea -nazioarteko txapelketa barne- azokak, erakusketak, piraguak, aerobithoia eta abar luze bat.
Informazio gehiago: www.bilbokokonpartsak.com
[2014/07/29] Bilboko KonpartsaK: Goitibeherak. I. Open Aste Nagusia
[2014/07/28] Aste Nagusiko somakumutarra eta bigantxa saioak legez kanpo uzteko eskatu dute
[2014/07/24] Txapeldunen arteko hitzordua Aste Nagusiko su artifizialetan
[2014-07-22] Euskal kirol eta folklorea, "Aste Nagusiko bereizgarria"
[2014/07/21] Berri Txarrak taldea Bilboko Aste Nagusiko azken orduko sorpresa
[2014/07/15] Aste Nagusiko egitaraua ezagutzera eman du Udalak
[2014-07-08] Bilbao BSR taldeari egokitu zaio Aste Nagusiko pregoi botatzea
[2014-07-07] Hau izango da 2014ko Aste Nagusia iragarriko duen kartela
[2014-07-03] Loreto Errasti izango da Aste Nagusiko txupinera