Udalak Alde Zaharreko 5 taberna "badaezpada" ixteko agindu du "goizeko diskoteka gisa" zihardutelako

uriola.eus 2015ko urt. 9a, 14:08

Zabaldutako zigor-espedientearen barruko neurri horren ondorioz, berehala itxiko dira tabernok, establezimenduen arduradunei neurria jakinarazi bezain laster. Udalak salatutako taberna horietako lauk aurkeztutako alegazioak baztertu ditu.

Bilboko Udalak Barrenkale, Barrenkale Barrena eta Pilota kaleetako ostalaritzako bost lokal badaezpada ixteko agindua eman du gaur, euren aurka zabaldutako zigor-espedientearen barruan. “After hours” edo goizeko diskoteka moduan funtzionatzen zuten tabernok, jarduera hori betetzeko lizentziarik eduki barik eta, arauz kanpo jardunda, segurtasunik eza sortuz eta auzotarrei endredoak eraginez.

Espediente horretan aurreikusitako zigorra bost lokalok urtebeterako ixtea da. Hala ere, leporatu zaien arau-haustearen larritasuna eta ondorioak kontuan hartuta, berehalaxe itxi eta prezintatuko dira badaezpadako neurri moduan, lokal horietako lauk aurkeztutako alegazioak baztertu ondoren eta establezimenduen jabeei neurri honen berri era eraginkorrean jakinarazi bezain laster.

2011az geroztik, Udaltzaingoak 27 zigor-espediente tramitatu ditu lokal horien aurka, Ikuskizunei buruzko Legearen kontrako zenbait arau-hauste direla-eta; gehienak ordutegia ez betetzeagatik; lau hilabetez ere egon dira itxita. Lokal horiek tabernarako edo taberna-jatetxerako lizentzia zuten. Adierazitako neurri horiek gorabehera, arauz kanpo jarduten jarraitu dute; izan ere, goizeko diskoteka moduan funtzionatzeko, etengabe, eta derrigorrez, jokatu behar da indarrean dauden legeen aurka.

Abenduaren 5etik 22ra bitartean, Udaltzaingoak lau txosten egin ditu, audio eta bideoko grabazioak barne, eta bertan ikusten da diskoteka moduan funtzionatzen zutela, potentzia handiko musika-ekipoak erabilita, diskoteka-giroko ikuskizunak antolatuta disc jockeyekin eta “after hour” edo goizeko diskotekaren beren-beregiko publizitatea eginda. Publizitate hori eskuz zein kartelen eta sare sozialen bidez zabaldu dute.

 

Kexak eta sinadurak

Gorabehera horiei gehitu behar zaizkie segurtasunik eza, auzotarrei zaratekin eragindako endredoak eta haserrea, borrokak eta legez kanpoko substantziekin trafikatzea eta kontsumitzea kalean, Afters Kanpora herritarren plataformak eskatuta, inguruko 1.200 auzotarrek, merkatarik eta ostalarik sinatutako idazkian adierazten denez.

Egoera horren aurrean, Bilboko Udalak, ostalaritza, ikuskizun eta josteta-jardueren arloan indarrean dauden arautegiek bere gain utzitako eskumenak erabilita, salatutako lokalok urtebeterako ixteko proposamena egin du, legeak baimentzen duen gehieneko epea baita; badaezpada itxiko dira aurrena, arau-hauste gehiagorik egin ez dezaten. Itxita iraungo dute harik eta zigor-espedientea ebatzi arte.

 

Ostalaritzako ordenantzaren indargabetze eskaera

Euskaldendak gaur jakitera eman du diskotekak hirigunetik kanpora mugatzen dituen Bilboko HAPN-PGOUko ordenantzaren indargabetzea eskatu duela EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Euskadiko Merkatari, Ostalaritza eta Zerbitzu Enpresen Elkarteen Konfederazioaren arabera, ordenantza horrek -urriaren 30eko Udalbatzarrean onartu ziren ordenantzaren aldeka nagusiak- "babes gabe uzten ditu" Bilbo erdiguneko eta Alde Zaharreko merkatari txikiak. 

[2014/10/13] Bizitegi-gune batean makro-diskoteka bat zabaltzearen kontra agertu da EHBildu

[2014/10/14] Makro-diskotekaren aurkariak

[2014/10/17] Makro-diskotekari ateak itxi dizkio Areso alkateak

[2014/11/27] EH Bilduk ostalaritzaren gaineko erregulazio integrala eskatu du, “After”-ek eragiten dituzten arazoak konpontze aldera