Eguna heldu da, lau kanporaketak amaitu dira eta baditugu Alde Zaharreko gaztetxera heldu diren 10 finalisten izenak. Gaueko 20:00etan hasiera emango diote finalari eta, kanporaketetan pasatu den antzera, jendetza espero da gaurko saioan.
Izan ere, Bertso Errondak arrakasta handia izan du negu honetan. Lehen kanporaketa otsailaren 6an izan zen, Errondabide tabernan. Bertan, lehenengo ordutik aparteko giroa sortu zen, eta horrela jarraitu du lehiaketako saio guztietan. Kanporaketa horretan sei bertsolarik hartu zuten parte eta Jon Gurrutxagak, Urko Arregik eta Maialen Akizuk finalerako txartela lortu zuten.
Aste bateko atsadenaldiaren ostean, otsailaren 20an, Adaxka tabernaren unea heldu zen. Han ere, bertsozaleek taberna bete zuten, bertsolariez gozatzeko nahiarekin. Paule Loizagak eta Iker Apraizek lortu zuten Adaxkan finalerako txartela. Hurrengo astean, berriz, zazpi bertsolarik hartu zuten parte La Villa tabernako kanporaketan. Horregatik, hiruk finalera heltzeko aukera izan zuten: Unai Mendiburuk, Aissa Intxaustik eta Aitor Irastorzak.
Azken kanporaketa, berriz, martxoaren 6an izan zen Bira! tabernan. Han, Ander Urcelay eta Kerman Diaz bertsolariak irten ziren garaile. Beraz, aipatutako hamar bertsolari gazteak egongo dira gaurkoan Zazpi Katu gaztetxeko finalean.
Gaurkoan ere, aparteko giroa espero da. Oihana Bartra antolatzaileak aipatu duenez "Gazte batzuk baino ez dira, bertsotan, normal, ondo pasatzen. Horregatik da garrantzitsua eta horregatik eduki du horrelako arrakasta." Gaur, finalean, arrakasta berdina espero dute, sarrera librea izango da eta bertsoez gozatzeko aukera paregabea izango dela adierazi du.
[2018-03-06] 'Bertso Erronda' finalerako azken txartelak jokoan
[2018-02-29] Bertso Errondako hirugarren kanporaketa gaur izango da
[2018-02-20] Bertso Errondako bigarren kanporaketa gaur izango da