San Tomas Azokak Bizkaiko 'chef'-ak omeduko ditu aurten

uriola.eus 2014ko abe. 22a, 09:39

Sukaldariek bertoko produktu tipikoekin duten lotura eta beste leku batzuetara eramateko egiten duten ahalegina: hori izan da BBKren aitortza hau eragin duen faktorea. Guztientzako omenaldia San Tomas azokaren hasierako ekitaldian egingo da, gaur 09:45ean, Plaza Barrian.

Ohiko San Tomas azoka Bilbon izaten den tradizio eta parte-hartze handieneko hitzordu herrikoietako bat da, BBK-k antolatua; aurten Bizkaiko  chef batzuen lana aitortuko du, produktu naturalak eta bertokoak sustatzeagatik eta nekazaritza iraunkorrari ematen dion bultzadagatik. Horretarako, beraien lana omenduko da San Tomas azokaren hasierako ekitaldian, gaur goizeko 09:45ean, Plaza Barrian. Bizkaiko chef omendu guztiek jasoko dute BBK-ko lehendakaria den Xabier Sagredoren eskutik BBKren merkatu-postu ezagunen erreplika bat.

Aitortza honekin BBK-k agerian utzi nahi du gaur egungo sukaldarien funtsezko zeregina  nekazaritzaren eta produktu natural eta ekologikoen balioak zabaltzeko eta horrela nekazaritza iraunkorrak hartu duen garrantzirako. Gainera, bertoko produktuak hemendik kanpo eta beste ingurune batzuetan ezagutarazteko egiten duten enbaxadore-lana ere omendu nahi du.

Azoka berriro ere arrakastatsua izango da parte-hartzeari dagokionez, bai ikusleen aldetik, azokaren esparrura jendetza handia etortzea espero baita, eta bai ekoizleen kopuruagatik, beren ekoizpenetik onena ekarriko dutelarik Bilbora. Azokaren 67. edizioan 286 saltoki izango dira guztira, eta gehienak (224) Areatzako azoka-gunean jarriko dira. Horietako 141 ekoizleak dira eta horien artean gazte ekoizle gehiago izango da aurten.

San Tomas azokaren eremu nagusian, Bilboko Areatzan, gehiegizko jendetzarik batu ez dadin, BBK-k Plaza Barria ere hartu du bertan produktuen 62 saltoki jartzeko. Honela, jendetza handiak batzen diren azoka-esparru hori arintzeko ahalegina egingo da. Gainera, iazko edizioan bezalaxe, BBK-k honelako ekitaldietan espezializaturiko laguntzaileak jarriko ditu, sarbideak eta igarobiderik estuenak ─adibidez, Bilboko Plaza Barrira doazen kaleak─ gainbegiratzeko eta plazan bertan ikusleen zirkulazioa errazteko.

Edizio honetako erakustokien banaketa honako hau izango da: abere biziak (1), ortuariak (27), ogia eta euskal pastela (14), gaztak (26), landare eta loreak (4), frutak (3), eztia (9), zezinak  (13), kontserbak (9), txakolina/sagardoa (22), esnekiak (1),  txosnak (10), beste zenbait (2).

‘Ekochef’ neska-mutikoentzat

Egun horretan Arriaga Plazan jarriko den Bioeskola BBK etxolara 10:00ak eta 12:00ak bitartean hurbiltzen direnek gozatu eta ondo pasatuko dute elikadura osasungarriaz eta nekazaritza ekologikoaren garrantziaz sentsibilizatzeko ekinbide honekin; haurrentzako ekintza da, eta etxeko txikienak chef bihurtuko dira egun batez.

Aitor Elizegi bizkaitar chef-aren aholkuei jarraituz, etxolan egongo baita 10:00etatik 11:00etara, haurrek entsaladak prestatuko dituzte sasoiko barazki ekologikoekin. Barazki edo ortuariak Bioeskola BBK-koak dira; ortu ekologiko honek buru-gaixotasunak izanik gizartetik kanpo geratzeko arriskuan daudenak prestatzen eta enplegatzen ditu.

Esperientziaz gozatzeaz gain, neska-mutikoek etxera eramango dute beren ‘ekoentsalada’, baita denbora-pasako koadernotxo bat ere, perrexil-hazien packa etxean ereiteko, ortu ekologikoko produktuak erabiliz etxean presta ditzaketen menuen fitxak, eta ‘Ekochef’ titulua sukaldari-txanoaren forman.

Bioeskola BBK-k bigarren urtez jarraian hartuko du parte Bizkaian tradizio handienekoa den nekazaritza-azoka honetan, eta ‘Ekochef’ ekinbidearen bidez produktu naturalak, ekologikoak eta hemen berton (zero kilometrorekin) ekoitziak kontsumitzearen garrantzia helaraziko die haurrei.

Aurtengo urtean, Bioeskola BBK proiektuaren barruan Ekogela jarri du martxan BBK-k, gune horretan ikastetxeek, elkarteek edo familiek produktu ekologikoak ezagutu eta horiekin esperimentatzeko.

Baserritarrei aitortza

Bizkaiko baserritarrei eskerrak emateko ekitaldia azken hiru urteotan egin da, azoka egin eta handik egun batzuetara. Honela, antolatzaileek aukera ematen diete baserritarrei San Tomas egun osoan etengabe jarraitzeko saltokietara hurbiltzen diren erosle ugariei zerbitzu ematen.

2014. urteari dagokion sari-ematea urtarrilean izango da BBK salan eta bertan San Tomas merkatuan parte hartzen duten ekoizleen lana aitortuko da, baita urte osoan Bizkaiko hainbat azokatan beren produktuak erakusten dituztenen beharra ere. BBK-k 600 euroko saria eta ohorezko plaka emango du kategoria bakoitzean.

Elkartasunerako gunea

Solidaritatea ere izango da aurten San Tomas azokan. Aurreko edizioetan bezalaxe, eta giza eta ingurumen-garapen bidezko eta iraunkorra sustatzeko helburuaz, Bizkaiko nekazariek Bidezko Merkataritza lantzen duten zenbait GKErekin partekatuko dute lekua, hauek 5 erakustoki izango dituztelarik.

Baina, gainera, BBK fundazioak erakustoki bat gorde du San Filippo sindromearen kausarako. Iniciativas Solidarias Isekinek Araitz, Ixone eta Unai ahateen parkean jarriko du salgai. Ipuin solidario honek oso larria den gaixotasun honen ikerketekin jarraitzeko aukera emango du, bere salmentaz lortzen diren irabaziak helburu horretara bideratuko baitira.

Ipuina 5€-ren truke eros daiteke euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Jarduera hau egingo den karpa Arriaga plazan egongo da kokatuta. Naiara García de Andoin, Araitz, Ixone eta Unai-ren ama, karpan izango da 12:00etatik 13:00etara ekitaldira etorri nahi duten guztiei ipuinak sinatzeko prest.

Ekinbide solidario honekin BBK-k bere ekarpena egin gura du gaixotasun honen konponbidea bilatzeko erabakigarria den urtean. 

Oharrak

Bilboko Udalak jai-esparrura joateko garraio publikoa erabiltzea gomendatu du, jende-multzo handiak bertaratzea aurreikusi delako.

Goizeko 11:00etan hasita, Zingirakale, Erribera eta Areatzako Zubiaren arteko jai-esparrua ibilgailuen trafikorako erabat itxita egongo da, postuak zarratu arte.

Bilbobusek barikuetako ohiko zerbitzuak ipiniko ditu, Gautxoriaren zerbitzua goizaldeko 02:00ak arte barne, ibilbideetan aldaketa batzuk egon arren, Bailen kalean behin-behineko geltokia jarrita.

Kalez jantzitako udaltzainak ibiliko dira jai-esparruaren barruan lapurretarik eta ebasketarik egon ez dadin eta eremu osoan segurtasuna mantentzeko.

 

[2014/12/15] San Tomas egunean kaleratuko dute Boga garagardoaren behin betiko zaporea

[2014/12/10] Bilboko Konpartsek egitaraua zabala prestatu dute Tomas deunaren egunerako

[2014/11/21] Bigarrenez aldatu dute San Tomas eguna Bilbon, abenduaren 22an izango da

[2014/11/14] San Tomas azoka abenduaren 20ean izango da