Piol eta Cardaño babestu, eta epaiketa politikoen amaiera eskatu dute Indauntxun eta Santutxun

uriola.eus 2015ko eka. 9a, 08:30
Argazkia: Eneko Ander

Hiru urteko kartzela zigorra ezarri diete Aitor Fernandez Piol eta Aingeru Cardaño preso ohiei 2001eko kale eraso batean parte hartu izana egotzita. Atzo elkarretaratzea egin zuten Indautxun, Piolen auzoan, eta ordu berean, manifestazioa egin zuten Santutxun, 'Aingeru libre!' lelopean.

Cardañok eta Piolek hiru urteko espetxe zigorrari aurre egin beharko diote, baina oraindik orain ez dituzte atxilotu.

Aingeru Cardaño 2007an atxilotu zuten Donibane Garazin eta 2013an beste kale eraso batengatik absolbitu ondoren, aske geratu zen. 2014an berriz epaitu zuten, zigortua izan den azken prozedura horregatik.

Atzo, 120 lagun inguruk parte hartu zuten Santutxun Aingeruri babesa agertzeko manifestazioan. Euskal Herriaren aurkako errepresioa eteteko premia azpimarratu zuten deitzaileek.

Era berean, eta sumario beraren baitan dago Piol. Bera era espetxean egondakoa da, zazpi urtez hain zuzen ere. Honen aurrean, Kirruli Kultur elkarteak salatu du, zigorraren helburu bakarra "konponbidea bilatu baino egoera politikoa nahastea eta sufrimendu gehiago eragitea" dela. Atzo arratsaldean 100 bat lagun elkartu ziren Areilza medikuaren kalean buruturiko elkarretaratzean. Epaiketa politikoen amaiera aldarrikatu zuten protestan bildutakoek.

 

[2015/06/08] Hiru urteko espetxe zigorra Aingeru Cardaño eta Aitor Fernandezentzat

[2014/11/03] Epaiketa politikoak gaitzesteko protestak egongo dira auzoetan