Hasi da EAJ eta PSE-EEren agintaldia Bilboko Udalean

uriola.eus 2015ko eka. 15a, 10:27

Sozialistak gobernukide izango ditu EAJk Bilboko Udaleko gobernuan. 2015-2019 agintaldirako "egonkortasunaren eta gobernagarritasuna" bermatuko duen koalizio gobernua osatu dute jeltzaleek PSE-EErekin. Akordio horren arabera, EAJren esku egongo da alkatetza eta lehenengo eta hirugarren alkateordetza. PSEk bigarren alkateordetza eta hiru sail izango ditu.

 

 

 

Ekin dio Juan Maria Aburtok zuzenduko duen Bilboko Udalaren agintaldiak jeltzale eta sozialisten arteko udal gobernua buru duela.

Joan den larunbateko Udalbatzaren eratze ekitaldia amaitu ostean, gobernu batzorde laburra egin zuten EAJ eta PSE-EEko zinegotziek. Ondoren, udal gobernuaren organigramaren berri eman zuen Juan Maria Aburto alkateak.

Sei arlo handitan banatuko du Udaleko organigrama, eta guztira 15 sail izango ditu. Horietatik hiru sozialisten eskutan egongo dira. Mugikortasun, Ingurumen, Etxebizitza eta Garapen Osasungarriaren arloari dagozkion hiru sailak sozialistek kudeatuko dituzte.

Jeltzaleen esku geratuko dira arlo gehienak, hala nola, Alkatetza, garapen ekonomikoa, politika sozialak, jasangarritasun eta hiri garapena, kultura, euskara, hezkuntza, gazteria eta kirola eta herritarren segurtasuna.

EAJ eta PSE-EEren arteko akordioaren arabera EAJren esku egongo da alkatetza eta lehenengo eta hirugarren alkateordetza, Rikardo Barkala eta Nekane Alonsoren esku, hurrenez hurren. PSEk bigarren alkateordetza izango du, Alfonso Gilen esku.

Hiru konpromiso eta elkarlanerako borondatea

Alkate gisa eman duen lehen hitzaldian hiru konpromiso hartu ditu Aburtok "enplegua, ekonomia eta bizi kalitatea". Ohar batean jakinarazi dutenez, bi alderdiek uste dute Bilbo "arlo sozial, ekonomiko eta urbanistikoan egiten ari den eraldaketan jarraitzeko akordioa" beharrezkoa dela, eta "udal administrazioa hurbilagoa, irekiagoa eta eraginkorragoa" egiteko konpromisoa hartu dute.

Hirigintzari dagokionean Aburtoren gobernuko lehentasunak honakoak izango dira: Termibus geltokiko obraren esleipena; tranbiaren eraztunaren itxiera –Plaza Biribila eta Autonomia kalea lotuz–; metroko 3. linearen martxan jartzea eta merkatarien elkarteekin batera osatu nahi duen plan berezia.

"Hiriko 314.000 auzokideren eskaera eta beharrizanei erantzuteko gobernatuko dut", adierazi du hiriko alkate berriak.

Sei alderdik lortu dute ordezkaritza Bilboko Udalbatzan, 1999tik gertatzen ez zena. Oposizio gisa arituko diren lau alderdiei elkarlanerako borondatea eskaini die Aburtok: "Ez dut gobernua-oposizioa bikotean sinesten; gobernua-kolaborazioan sinesten dut".

 

 

[2015/06/14] Eratu da Bilboko Udal Gobernua Juan Maria Aburto buru dela

[2015/06/12] Udal ekimenen protagonistak politikariak baino herritarrak izateko eskatu dio EH Bilduk alkate berriari

[2015/06/10] "Oposizio eraikitzailea eta konbatiboa egingo dugu, PNV-PSE itunaren eskumako politiken aurka"

[2015/06/05] 18 zinegotziren agurra

[2015/06/05] Bilbo Irabaziz hautagaitzako bi kide kaleratuko ditu Ahal Duguk "hauteskunde iruzurra" egin dutelakoan

[2015/05/26] Sorpresa handirik ez

[2015/05/26] Hauteskunde ostea bertsotan

[2015/05/25] EAJ garaile, gehiengo osorik gabe

[2015/05/24] Bilbon parte-hartzea %48,11koa izan da 18:00etako datuen arabera

[2015/05/20] Hauteskundeak bertsotan

[2015/05/08] Hauteskunde lehiakorra Bilbon, irabazleagatik baino udalbatzak izango duen konposiziogatik