San Mameseratzeko deia

uriola.eus 2015ko eka. 17a, 16:20
Argazkiak: Gaizka PeƱafiel

Euskal gizarteko ordezkari ezagunek bat egin dute igandean San Mames zelaia betetzeko Gure Esku Dago ekimenak antolatu duen ekitaldiarekin. Zelaitik bertatik dei egin diote jendarteari parte hartzeko: "Hartu sarrerak. Hartu kamisetak. Hartu gogoa eta ilusioa eta bildu gaitezen igandean. Gaur hautetsontzia dena bihar erabakia bihurtu dadin".

Andoni Aizpuru kazetaria, Kirme Uribe idazlea, Mikel Martinez aktorea, Jose Anjel Iribar futbolari ohia eta Kepa Junkera, Ibon Altuna eta Jon Gomez musikariak izan dira San Mameseko prentsa aretotik euskal jendartearengana zuzendu direnak.

"Ekainaren 21a etorkizunera begira jartzeko eguna izango da: erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera iristeko tranpolina. Eta horretarako, hiriburuak erabakitzeko eskubidearen aldeko borondate anitzez eta konpromisoz beteko ditugu", adierazi dute.

"Ekainaren 21a etorkizunera begiratzeko eguna izango da: erabakitzeko eskubidearen aldeko eguna. Izan ere, egun hori tranpolina izango da aldarrikapenetik gauzatzera pasatzeko; hautetsontzitik, erabakira.

Ekainaren 21ean, Euskal Herriko hiriburuak betetzera goaz. Eta guk ere, egun horretan parte hartuko dugu. Gure borondateak eta bere garaian bete genuen oihala geurekin ekarrita. Eta hori ezezik, hemen gaudenoi eta beste asko eta askori, egun horri ahotsa, musika, edo-eta aurpegia jartzearen ohorea eman digu Gure Esku Dagok. Ekainaren 21ean herritarrok izango garelako protagonista. Eta gu, horien laguntzaile. Hortaz, gurekin batera ekainaren 21ean Bilbo betetzeko deia egin nahi diegu bizkaitar guztiei".

Itziarren Semeak taldeko Ibon Altunak aurreratu duenez, "gure musikarekin herritarrak dantzan jarriko ditugu, etenik gabe kantuan, eta emozioarekin txaloka jarriko ditugu, aurpegian irribarre bat dutela bere ibilbidea eskutik eraiki nahi duen herri zoriontsua irudikatuz".

Oxabi taldeko Jon Gomezen hitzetan, "aurkezleak gara, musikariak, poetak, aktoreak edota bertsolariak. Gara debekatuta zegoen ikurrina eskuan herri hau dantzan jarri zutenak. Eta igande honetan geure onena emango dugu Bilbon".

Eguerdiko oihal katearen ostean, Areatzan izango da lehenengo kultur eztanda. Hor egongo dira ikusgai Kerhau taldea eta Trikizio erromeria. Areatzako kioskoan bertso-saioa egongo da. Parte hartuko duten bertsolariak Fredi Paia, Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue eta Onintza Enbeita izango dira. Gai jartzaile lanetan Maite Berriozabal ibiliko da. Bestetik, umeentzako gunean puzgarriak eta tailerrak egongo dira.

"Eta horrela helduko gara denok zain geunden momentu horretara: San Mames beteta ikusiko dugu erabakitzeko eskubidearen alde. Jai giroko ekitaldia izango da, parte hartzailea, emozioz betea. Hemen gaudenok parte hartuko dugu, eta gutaz gain, Reyes Prados, Ana Urrutia, Ainhoa Vitoria, Oihan Vega, Aiora Renteria eta beste lagun asko gurekin egongo dira ekitaldian".

San Mameseko ekitaldi nagusiaren ostean, eta bera ospatzeko, erromeria oso berezia antolatu du  Gure Esku Dagoko lantaldeak Areatzan: OXABI erromeria taldea eta lagunak. Bertan izango dira Itziarren Semeak taldeko Ibon, Gatibuko Alex Sardui, Doctor Deseoko Francis, Enkore taldeko Xabihoo, Siroka taldeko Maria, Txapelpunk taldeko Iñigito, Revolta Permanent talde gaztea, Miren Amuriza eta Oihana Bartra bertsolariak, Tor eta Txoborro magoak, hemen dagoen Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreak eta beste hamaika sorpresa gehiago! Parte hartze zabala izango duen ikuskizuna izango da, "gutxitan ikusten diren horietakoa".

"Hemendik, kultur eztanda horretan parte hartzeko deia egin nahi dizuegu. Ilusioz eta mimoz prestatutakoa eskaintzeko irrikitan baikaude guztiok".

"Guzti horrengatik, Gure Esku Dago dinamikan barru-barruan daukan ilusioz eta azken urte bietan erabakitzeko daukagun asmo irmoarekin, herritarrei dei egiten diegu parte hartzera. Beste behin ere, protagonistak beraiek direlako. Kaleak gainezka jarri nahi ditugu, eta San Mames gutako bakoitzaren borondate, konpromiso eta desioekin bete nahi dugu".

Oraindik sarrerak eskuragai daude. Hau dira lortzeko bideak:
- Herrietan: larunbat goizera arte.
- Bilboko Buenos Aires 13 egoitzan.
- Internet bidez www.gureeskudago.eus orrialdean
- San Mameseko txarteldegian: barikutik aurrera. Igandean bertan ere bai.

Egitaraua
12:00-12:30 Euskalduna zubitik Areatzako zubiraino, ibaiaren bi aldeetan: oihal katea.
13:00etatik aurrera, Ripan: umeen gunea: Kale animazioa, puzgarriak, umeentzako tailerrak.
13:00 Areatzako kioskoan: Bertso saioa: Fredi Paia, Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue eta Onintza Enbeita. Gai jartzaile lanetan Maite Berriozabal.
13:45 Areatzako nasan: Trikizio erromeria
14:30 Kioskoan: Kherau taldearen kontzertua
16:30 San Mames barriko ateen irekiera
17:30 San Mamesen: ekitaldiaren hasiera
20:30 Areatzako nasan: Oxabi erromeria eta lagunak: Ibon (Itziarren semeak), Alex Sardui (Gatibu), Francis (Doctor Deseo), Xabihoo (Enkore), Maria (Siroka), Iñikigo (Txapel punk), Revolta Permanent taldea, Miren Amuriza, Oihana Bartra, Tor eta Txoborro magoak, Mikel Martinez eta Patxo Telleria, eta abar.

 

gureeskudago.eus

[2015/06/16] Azken txanpan "ingurua astindu eta aktibatzeko" dei egin du Gure Esku Dagok

[2015/06/10] Gure Esku Dago: "Garrantzitsua da San Mameserako sarrera aurretiaz eskuratzea"

[2015/06/09] 'Gaur hautetsontzia, bihar erabakia'

[2015/06/08] Ehuntze egun jendetsua Deustun

[2015/06/08] Giza eta oihal kate indautxuarra

[2015/06/05] Erabakitzeko eskubidearen korrontea San Mamesera bidean

[2015/06/02] Erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea Indautxun

[2015/05/29] Gure Esku Dago: "Erabakia nola eta noiz gauzatu da gure erronka, eta horretara goaz"

[2015/04/22] Gure Esku Dago dinamika herritarrak badu erreferentziarako lokala Bilbon

[2015/04/20] Gure Esku Dago: Bizkaiko lokalaren inaugurazioa Bilboko Buenos Aires kalean

[2015/04/14] Erabakitzeko borondatez jositako oihala San Mames zelaia estaltzeko

[2015/03/24] Erabakitzeko eskubidearen alde urrats berri bat

[2015/02/26] IBAIZABAL: Gure Esku Dago-ren proposamen berriak

[2014/12/17] 'Jostunak' dokumentala estreinatu du Gure Esku Dago ekimenak