Urte osoko joste lanak irudikatuko dituzte San Mamesen 2016an erabakia gauzatzen hasteko

uriola.eus 2015ko eka. 19a, 12:25

Jendeari kosta egin zaio erantzutea. Iazko ekainean Gure Esku Dago ekimenak antolatutako giza katean parte hartu zuten lagunak berandu ibili dira aurten. Asko izan dira igandeko San Mameseko ekitaldirako sarrerak azken egunotan eskuratu dituztenak. Espero baino beranduago, baina aurreikuspenak betetzen ari dira. Igandean, Bilbon, ilusioa berpiztuz eta sentsibilitate ezberdineko jendea batuz hurrengo urtean erabakitzeko eskubidea bermatzeko hautetsontzia finkatzea izango dute xede.

Iazko giza katearen "arrakasta eta gero", aurten, Gure Esku Dago ekimeneko lantaldeei "kosta" egin zaie "martxa hartzea". Berrabiatzean, aurreko urteko boluntario eta arduradunen sarea baliatu dute sarea finkatu eta zabaltzeko. Eta lortu dute, bai.

Oihalak banatzeari ekin zioten. Deustuko taldean, esaterako, 60 oihal banatu dituzte jendartean, nork bere ekarpenak josteko. Aurtengo ahaleginak iazko markak hobetzeko balio izan du Deustun, iaz baino jende gehiago erakarri eta mugiarazi baitute. Lazkaora 800 deustuar joan baziren iazko ekainean giza katean parte hartzera, aurten 1.200 sinadura batu dituzte. "Gure helburua bete dugu", diote harro lantaldeko kideek.

Asier da igandeko oihal katean eta San Mameseko ekitaldian parte hartuko duen 1.200 deustuar horietako bat. Inguruan duen jendea "ilusioz" nabari du Asierrek. Hasieran "kostata" izan zuen ekitaldiaren berri, baina azken asteotan komuniabideetan eta kalean izandako presentziari esker, igandean San Mames beteko dela uste du, "sobera gainera".

Jendeari "berandutu" zaion arren, oraindik ez da beranduegi, ekainaren 21ean "alaitasunez erabakitzeko eskubidearen aldarriari azken bultzada emateko". Bi aukera daude herri dinamikarekin bat egiteko. Lehenengoa eguerdian izango da, itsasadarraren inguruan osatuko den oihal katean. Bigarrena, 17:30ean San Mames futbol zelaian.

Oihal katea osatzeko 11:30ean itsasadarrean egoteko gomendatu dute antolatzaileek. "Han egongo diren arduradunei kasu eginez jakingo dute herritarrek non kokatu behar duten". Bilbotarrek, adibidez, Euskalduna zubiaren eta Salbeko zubiaren artean lekua gordeta dute. 12:00etan, suziriak jaurti, eta oihal katea josiko dute ordu erdiz.

12:30etatik aurrera, Areatza eta Arriaga aldean "sekulako jai eguna" antolatu du Gure Esku Dagoko lantaldeak hamaikatxo aukerarekin jan-edanerako eta ondo pasatzeko, 16:00ak arte.

16:30ean San Mameseko ateak zabalduko dira, eta azken unera arte, zelaiko takiletan sarrerak salgai egongo dira.

17:30ean hasiko da San Mameseko ekitaldia. Bi orduz "guztiok alaitasunez interakzioan" aritzea da antolatzaileen asmoa. "Ez da ikuskizun hutsa izango, urte osoko joste lana irudikatu nahi dugu, kolore eta  sentsibilitate ezberdineko jendea batzeko bidea irudikatzea, 2016an hautetsontzia finkatu eta erabakia gauzatzen hasteko".

 

Sarrerak

Oraindik sarrerak eskuragai daude. Hauek dira lortzeko bideak:
- Herrietan: larunbat goizera arte.
- Bilboko Buenos Aires 13 egoitzan.
- Internet bidez www.gureeskudago.eus orrialdean
- San Mameseko txarteldegian: barikutik aurrera. Igandean bertan ere bai.

 

Egitaraua
12:00-12:30 Euskalduna zubitik Areatzako zubiraino, ibaiaren bi aldeetan: oihal katea.
13:00etatik aurrera, Ripan: umeen gunea: Kale animazioa, puzgarriak, umeentzako tailerrak.
13:00 Areatzako kioskoan: Bertso saioa: Fredi Paia, Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue eta Onintza Enbeita. Gai jartzaile lanetan Maite Berriozabal.
13:45 Areatzako nasan: Trikizio erromeria
14:30 Kioskoan: Kherau taldearen kontzertua
16:30 San Mames barriko ateen irekiera
17:30 San Mamesen: ekitaldiaren hasiera
20:30 Areatzako nasan: Oxabi erromeria eta lagunak: Ibon (Itziarren semeak), Alex Sardui (Gatibu), Francis (Doctor Deseo), Xabihoo (Enkore), Maria (Siroka), Iñikigo (Txapel punk), Revolta Permanent taldea, Miren Amuriza, Oihana Bartra, Tor eta Txoborro magoak, Mikel Martinez eta Patxo Telleria, eta abar.

gureeskudago.eus

[2015/06/17] San Mameseratzeko deia

[2015/06/16] Azken txanpan "ingurua astindu eta aktibatzeko" dei egin du Gure Esku Dagok

[2015/06/10] Gure Esku Dago: "Garrantzitsua da San Mameserako sarrera aurretiaz eskuratzea"

[2015/06/09] 'Gaur hautetsontzia, bihar erabakia'

[2015/06/08] Ehuntze egun jendetsua Deustun

[2015/06/08] Giza eta oihal kate indautxuarra

[2015/06/05] Erabakitzeko eskubidearen korrontea San Mamesera bidean

[2015/06/02] Erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea Indautxun

[2015/05/29] Gure Esku Dago: "Erabakia nola eta noiz gauzatu da gure erronka, eta horretara goaz"

[2015/04/22] Gure Esku Dago dinamika herritarrak badu erreferentziarako lokala Bilbon

[2015/04/20] Gure Esku Dago: Bizkaiko lokalaren inaugurazioa Bilboko Buenos Aires kalean

[2015/04/14] Erabakitzeko borondatez jositako oihala San Mames zelaia estaltzeko

[2015/03/24] Erabakitzeko eskubidearen alde urrats berri bat

[2015/02/26] IBAIZABAL: Gure Esku Dago-ren proposamen berriak

[2014/12/17] 'Jostunak' dokumentala estreinatu du Gure Esku Dago ekimenak