Aresen izendapena Memoriaren Institutuan "ilogikoa" eta "mingarria" da Cabacasen hurkoentzat

uriola.eus 2015ko eka. 26a, 09:00

Gasteizko Legebiltzarrak Rodolfo Ares Memoriaren Institutuko kide izendatzea "guztiz ilogikoa eta mingarria" da Iñigo Cabacas Herri Ekimeneko ordezkariek adierazi duenez.

Cabacasen senide eta adiskideek osatzen duten lantaldeak gogora ekarri ditu Iñigoren heriotza argitzeko prozesuan Aresek jarritako oztopoak. "Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas erail zuenean, Rodolfo Ares Barne Saileko Kontseilaria zela, beraz, arduradun politiko zuzena, eta argipen prozesuan hasiera hasieratik oztopoak baino ez ditu jarri eta inolaz ere ez da biktimen ondoan egon kasu honetan".

Beste behin, justiziaren geldotasuna eta ardura politikoen aitortza eza gaitzetsi dute. "Hiru urte pasa ostean oraindik ez dago inolako argipen judizialik ezta politikorik ere kasu honen inguruan, behin eta berriz Herri Ekimenetik eta Iñigoren familia eta lagunen partetik salatu izan dugun bezala. Eta hala ere kargaren arduradun politiko zuzena Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko kidea izendatzen dute inolako lotsarik gabe".

Aurreko astean "erailketaren arduradun polizialak", Ugarteko bezala ezagutzen denak, hiru urte pasa ostean, lehen aldiz deklaratu zuen epailearen aurrean. Egun hartan Iñigo Cabacas Herri Ekimenak auzitegi aurrean protesta burutu zuen justizia eske. "Eta gaur, Ares Memoriaren Institutuko kidea izendatzen dute; guzti hau kalean Iñigorentzat justizia aldarrikatzen jarraitzen den bitartean eta eredu polizial berri baten inguruko eztabaida inoiz baino beharrezkoagoa den bitartean. Iñigoren erailketa agerian uzten ari den ondoriorik lazgarrienetariko bat; Euskal Herrian arduradun politiko askoren lotsa falta eta errespetu falta izaten ari da".

 

[2015/06/16] 'Ugartekok' hiru urteren ostean deklaratzea "ulertezina" eta "lazgarria" da Iñigo Cabacasen lagun eta senideentzat

[2015/06/16] Cabacas kasuaren baitan 'Ugartekok' lekuko gisa deklaratuko du bihar

[2015/04/09] Iñigo Cabacas, 1.095 egun erantzukizunak argitu gabe

[2015/03/24] Udalak Iñigo Cabacas omenduko du ostiralean

[2015/02/12] "Hiru urte eta gero beharrezkoa da honekin bukatzea; gurasoengatik eta Iñigogatik"

[2015/02/25] Cabacas hil zuen pilotakada jaurti zuen ertzain bat identifikatu dute