Epaia salatzeko eta 'Herriko tabernak' defendatzeko hainbat deialdi egin dituzte Bilbon

uriola.eus 2015ko eka. 26a, 12:47

"Ez dugu sententzia hau onartzen. Ez dugu lapurreta hau onartzen. Herriko tabernak defendatzera goaz eta defentsa horrekin bat egitera deitzen ditugu euskal herritarrak", adierazi zuen atzo Indautxuko Kirruli elkarte aurrean egindako agerraldian Iñigo Saez de la Fuentek Herriko tabernen izenean. Herritar orori dei egin zion protestekin bat egin eta "eraso hau salatzeko". Bilbon, hainbat deialdi egin dituzte.

Auzitegi Gorenaren epaia "Estatu espainiarrean jazarpen historia luzearen beste katebegi bat da" Saez de la Fuenteren hitzetan, eta ebazpenak "1936an faxistek eginiko lokal eta ondasunen lapurreta erreproduzitu du". Neurriak dozenaka langileren gain izango dituen ondorioak ere salatu zituen atzokoan.

Protestak gaurtik hurrengo astera luzatuko dira. Ekimen anitzak antolatu dituzte Herriko tabernak dauden herri eta auzoetan: itxialdiak, giza kateak, manifestazioak, jaiak..."eta herritar orori dei egiten diogu protestekin bat egin eta eraso hau salatzeko".

 

Bilboko deialdiak

Santutxun, gaur, ekainak 26 ostirala, asanblada egingo dute 20:00etan eta 20:30ean Karmelo plazatik hasita giza katea egingo dute.

 

Indautxun, gaur, ostirala, 20:30ean murala margoztuko dute Kirruli elkarteko pertsianan eta 22:00etan mosaikoa osatuko dute. Hurrengo asteko ostegunean, uztailak 2, 'Informazio Eguna' antolatu dute.

 

Alde Zaharrean, larunbatean, 'Errondabide Eguna' ospatuko dute; marea laranja, auzo murala, parrillada eta poteo zaratatsua antolatu dituzte, besteak beste.

 

 

Bilbo Zaharrean, "Goizalde libre eta zabalik" lelopean, igandean, hilak 28, eguerditik aurrera hainbat ekintza antolatu dituzte: ikurren margoketa, txapa tailerra, argazkia eta bazkaria.

 

Deustun, uztailaren 2an -osteguna-, argazki erraldoia egingo dute Done Petri plazan lehenik eta jan-edana izango dute gero. Uztailaren 4an -larunbata-, 'Azken-aurreko guda dantza jaia' ospatuko dute, poteo musikatua, bazkaria, argazkia eta zuzeneko musika ez dira faltako. 

 

 

[2015-06-25] Epaia salatzeko eta 'Herriko tabernak' defendatzeko dei egin dio jendarteari ezker abertzaleak

[2015-06-22] Deustun eta Alde Zaharrean 'Herriko tabernaren' defentsan

[2014/07/30] 'Herriko tabernen' itxiera salatu dute ehunka herritarrek

[2014/07/30] Bilboko 10 'Herriko taberna' konfiskatuko dira Auzitegi Gorenaren aginduz

[2014/07/30] Ezker abertzaleko lau militante bilbotar zigortu dituzte 'herrikoen' auzian

[2014/03/20] Karmelo Landa: Herriko Tabernen auziaren amaieran, 8 ondorio

[2014/03/12] Bilboko Herriko Tabernei babesa helarazteko elkarretaratzeak gaur