Irati Sienra deustuarra eta beste 7 gazteak absolbituak izan dira

uriola.eus 2015ko eka. 29a, 19:00

Ernai Gazte Antolakundeak baieztatu duenez, Irati Sienra deustuarra, Ernaiko beste 6 gazteak eta Iraitz Salegi Topatu agerkariko kidea absolbituak izan dira.

2013ko Gazte Danbadako ekitaldian "terrorismoa goratzea" leporatuta Irati Sienra deustuarra, Gotzon Elizburu, Maialen Etxebarria, Mikel Button, Aitor Anda, Garazi Mugertza, Mikel Moreno eta Topatu.info atariko Iraitz Salegi kazetariaria epaituak izan ziren ekainaren 11an.

Hasiera batean, maiatzaren 28an abiatzekoa zen epaiketa baina Angela Murillo epaileak ekainaren 11ra atzeratu zuen, "Euskal gazteria aurrera" oihu artean eta herri harresia irudikatu ostean auzipetuak aretotik bota zituenean. Fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak 18 eta 24 hilabete arteko espetxe zigorra eskatu zuten haietako bakoitzarentzat; hala ere, gaur, Deustuko Ernaik sare sozialen bidez jakitera eman duenez, zortziak absolbituak izan dira.

Periko Solabarria zendu berria ere akusatu zuen zortzi gazteekin batera kausa berean, baina auzia hasi baino egun bat lehenago erretiratu zuten bere aurkako zigor eskaria.

 

Lehen eguneko protesta ikertzeko agindu dute

Epaiketako lehenengo auzi saioan, zortzi gazteek protesta egin zuten epailearen aurrean, zutik jarri eta bizkarra emanda. Gazteak aretotik kanporatu zituen Angela Murillok, eta epaiketaren hasiera atzeratu zuen. Topatu.info-k jakinarazi duenez, Torrejon de Ardozeko epaitegiari agindu dio Auzitegi Nazionalak protesta hura ikertzeko.

 

[2014/12/18] Kartzela zigor eskaria Topatuko kide bat, Ernaiko zazpi eta Periko Solabarriarentzat

[2015/03/11] Irati Sienra eta beste zortzi lagun maiatzean epaituko dituzte Gazte Danbadan terrorismoa goratzea leporatuta

[2015/05/28] Gaur epaituko dituzte Irati Sienra, Iraitz Salegi eta Ernaiko beste 6 kide

[2015/05/28] Ekainaren 11ra atzeratu dute Irati Sienra eta beste 7 gazteen aurkako epaiketa

[2015/06/11] Gaur epaituko dituzte Irati Sienra deustuarra eta beste zazpi gazteak