Xehetu du Jai Batzordeak aurtengo Aste Nagusiko egitaraua

uriola.eus 2015ko uzt. 14a, 13:16

Abuztuaren 22an, larunbatean, 2015eko Aste Nagusiari hasiera emango zaio. Gurutze Beitia aktoreak pregoiaren irakurketa egingo du eta Oihana Pascualek, Txomin Barulloko konpartsakideak, txupina piztuko du Arriaga Antzokiko balkoi nagusitik 19:00etan. Hortik aurrera Bilboko Udalak doako 300 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu, bi milioi eta erdiko aurrekontua bideratuz aurtengo jaietara, iazko kopuru bera.

Gero eta gutxiago geratzen da "bilbotarrek amesten duten astea, urteko asterik aktiboena, magikoena, dibertigarriena has dadin". Marijaia, "Bilboko jaien protagonista eta erregina", berriro ere aterako da balkoira Aste Nagusiaren kantaren erritmoarekin batera eta "publiko, gustu eta adin guztientzako diseinatutako jai ekitaldiez egindako bederatzi egunei hasiera emango die". 300 ekitaldi baino gehiago dira, eta Jaietako zinegotzi Itziar Urtasunen esanetan "guztiek Bilboko jai eredua desberdintzen dituzten berezitasunak betetzen dituzte: "kalitatea, aniztasuna, berdintasuna, parte hartzea eta doakotasuna".

Jai-egitarauak hainbat ekitaldi jasotzen ditu abuztuaren 22tik 30era. Guztiak doakoak dira eta gehienak kanpoaldean egingo dira. 100 musika-ekitaldi baino gehiago eskaintzen ditu Bilboko puntu desberdinetan. Publiko guztientzako dira, gaur egungo taldeetatik hasi eta ohiko bilbainadak jasotzen dituen musika-egitarau zabalera arte.

Gaueko zerua argiztatzen duten su artifizialak ere izango dira, heldu eta umeentzako kale-antzerkia, ohiko gastronomia lehiaketak, pilota, arraunketa, herri-kirolak… familia giroan zein lagunartean gozatzeko ekitaldiak dira, goiz edota gauez.

Eskaintzaren helburua "herritarrek eta bisitariek hiri ireki eta parte hartzaile batez gozatzea da".

Aurtengo ekitaldi nagusien berri ematearekin batera, Sanferminetan Iruñean izan den sexu erasoa gaitzetsi du Bilboko Jai Batzorde Mistoak. Eraso sexisten aurrean "zero tolerantzia" izango duela Bilboko Udalak iragarri du Urtasun zinegotziak. Amaieran Jai Batzorde Mistoa osatzen duten zinegotziek eta konpartsetako ordezkariek familia argazkia egin dute udaletxeko eskaileretan.

 

Musika eta eszenatokia
Musika-egitaraua Bilboko Aste Nagusiko "bereizgarrietako bat da". Itziar Urtasunen arabera, "estilo-aniztasunak, artisten kalitateak, eta, batez ere, musika-ekitaldien doako izaerak jaietarako eszenatoki desberdinak eta 100 musika-ekitaldiak erreferentzia izatea lortzen dute astea osoan".


Txurdinagako Europa Parkea

Publiko gazteagoari zuzendutako Aste Nagusiaren kontzertuak hartuko ditu Txurdinagako Parkeak iaz bezala 10.000 metro koadroko zelaigunean.

Calum, Radio Máxima FM, DVICIO, Efecto Pasillo, Protocolo KAOSHY, MEGASTAR FM. (Alexandra Stan, Fonsi Nieto) eta Vendetta eta Tea Party Dj´s arituko dira bertan.

 

 

Abandoibarra
Guggenheim Museoaren itzalpean kokatzen den kontzertuen guneak era askotako eta primerako programazioa izango du. Honako hauek eskaniko dute zuzenekoa: Los Suaves, Udal Musika Banda Serafin Zubirirekin 'Recordando a Nino Bravo', Rafael Amargo, Pasión Vega, BOS Ane Echegoyenekin, Los Secretos, Maldita Nerea eta Lori Meyers.

 

 

Plaza Barria

Munduko musika Plaza Barriko eszenatokian izango da aurten ere. Arrakasta handiko ikuskizunak izango dira urtero legez. Esparru hau egunero betetzen da. Aurtengo Aste Nagusiko kartelean kultura anitzetako soinu eta erritmoak nahasten dira, besteak beste, Michael Prophet, Kayah-Transoriental Orchestra, Gabacho Maroconnection, Barcelona Jazz Orchestra Gemma Abrié & 'Harlem Swing', Le Vent du Nord + Tadusak, Joe Bataan & Los Fulanos, Kumpania Algazarra eta Mártires del Compás 'Hola y adiós' eskaintzen.

 

 

Enkarnazio Eliza
Musika klasikoa gustuko dutenentzako topagunea izango da. Esparru hau egunero bete ohi da. Arratsaldeko zortzi eta erdietatik aurrera, aparteko musika zaletasuna dutenentzako berealdiko musika.

Larunbata, abuztuak 22, 'Ventus sine nomine'; igandea 23, kontzertu lirikoa; astelehena 24, 'Garaiz Ensemble: Irurak Bat'; asteartea 25, 'Khantoria', asteazkena 26, 'Trifarious Taldea'; osteguna 27, 'Kantika Ahots Taldea'; ostirala 28, Musikeneko Laukotea; eta larunbata 29, 'Ensemble Ars Mundi” + Valeria Nasushkina eta Yuri Nasushkin'.

 

Bilborocken pop rock lokalaren 30. edizioa
Bilborockek aurten ere bertako pop rock erakusketa jasoko du eta, gainera, Aste Nagusi honetan bere 30. edizioa beteko du. "Eta 30 urte egunero betetzen ez direnez, aurtengoan maila handiko kartel batez gozatu ahal izango dugu". Egunero bi kontzertu ospatuko dira, 20:00etatik aurrera lehena eta hurrengoa ordu bat geroago, 21:00etatik, programatutako 16 taldeak amaitu arte.


Pergola
Doña Casilda Parkeko Pergola guneak musika-egitarau bikoitza eskainiko du egunero. Goizez bilbainadak entzuteko aukera egongo da Los Txikis, Beti Aurrera, Los 5 Bilbainos edota Gau Pasa taldeekin.
Eta gauez, Javier de Pecosen eskutik musika-irekiera entzun ondoren, gaueko ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da hainbat talderekin. 23:30ean hasiko da.

 

Bilboko Udal Musika Banda Kioskoan eta berbenak Areatzan
Kioskoan eskainiko den goizeko musika-egitaraua Bilboko Udal Bandaren kontzertua izango da, eguerdiko 12:00etan.

Berbenak gauen izango dira, Areatzan, 23:15ean eta 01:45ean. Larunbata 22, Orquesta Principado; igandea 23, Drindots; astelehena 24, Lisker; asteartea 25, Orquesta Elite; asteazkena 26, Orquesta Malassia; osteguna 27, Orquesta Elite; ostirala 28 Egan / El Pacto; eta larunbata 29 Orquesta Flamingo.

 

Antzerkia
Udalak 15 antzerki-ekitaldi antolatu ditu. Bertan, "kalitate handiko" hainbat talde lokal, estatuko edota nazioarteko taldeen lanak ezagutzeko aukera egongo da. Horietatik 10 ekitaldi "antzerki txikikoak" izango dira eta beste 4 zeinu bidezko interpretazio bidez. Kale-antzerkia Arriaga Plazan izango da, bi txandatan (13:30ean eta 21:30ean).


Umeentzako egitaraua
Doña Casilda Parkeak Aste Nagusiko txikientzako txokoa, Txikigunea, izango du berriro "aurreko urteetan bildutako arrakastaren ondoren". Bertara hurbiltzen diren haur zein guraso edota laguntzaileek hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute.

Gaztetxoek haur-antzerkia ikusteko aukera ere izango dute. Kolorez betetako zortzi taldek parte hartuko dute, arratsaldeko 19:30ean (igandea 23a izan ezik, Balearen desfilea dela eta), Gas Plazan.


Kirol ekitaldiak
Bilbao Hiria XXXVII. Estropadak igandean, hilak 23, 12:00etan eta herri kirolak Areatzan dira bederatzi egun hauetako kirol proposamenetako batzuk.


Bertsolariak, gastronomia eta folka
Goizeko gastronomia lehiaketekin batera, Areatzan eta Alde Zaharrean euskal folklore eta kulturaren erakusgarri diren hainbat ekitaldi izango dira: bertsolariak Santiago Plazan, Txistulariak, Euskal Dantzak, eta erromeriak era dantzarekin Plaza Barrian izango dira egunero 20:00etan.

Bilboko Udalak aurten ere animatu ditu dantzazaleak Larrain Dantzarako jantzi tradizionalez janzteko, ‘Zure jantziarekin etorri’ lemapean. Hitzordua abuztuaren 25a, asteartea, izango da Plazan Barrian 20:00etan.

Horrez gain, bilbainadak egongo dira Alde Zaharrean Bilbotarrak taldearen eskutik eta Erraldoi eta Buruhandiekin kalejirak Alde Zaharretik, Zabalgunetik eta Areatzatik.

 

Su artifizialak, 25. urtemuga eta erakusketa didaktikoa

Aurten XXV Nazioarteko Su Artifizialen Lehiaketa ospatzen denez, Bilboko Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailak su artifizialei buruzko erakusketa didaktikoa antolatu du. Erakusketa Zabalgune eraikinean bisitatu ahal izango da Aste Nagusiaren aurreko astetik. Su artifizialen txokoak "suak hiritarrei hurbiltzea du helburu haiek hobeto balioesteko".

Erakusketan suziriak nola egiten diren, jaurtiketa metodoak, edota kolore-konbinazioak nola sortzen diren ikusi ahal izango dira… Honela, "Bilboko publikoak, su artifizialen prozesu oso ulertuta, erreminta gehiago izango ditu aste osoan Aste Nagusia argituko dituzten ikuskizunen gainean iritzia emateko".

Urte guztietan bezalaxe, su artifizialen ikuskizunak Bilboko zerua argituko du egunero. Bilboko jaietako "ikuskizunik jendetsuenak" izango dira. Suak gaueko 22:45ean hasiko dira Aste Nagusiak eskainitako beste ikuskizun batzuen amaierarekin bat egiteko.

Partaideak honako hauek izango dira: larunbata 22, Pirotecnia Discomfa S.A. (Madril); igandea 23, Pirotecnia Valenciana (Valentzia); astelehena 24, Hnos. Caballer Pirotécnicos S.L (Castelló); asteartea 25, Pirotecnia Gironina (Bartzelona); asteazkena 26, Intermede Artifices (Frantzia); osteguna 27, First Class Pyro-events (Alemania); ostirala 28, A.P.E. Parente (Italia) erakusketa gisa; eta larunbata 29 Astondoa Piroteknia (Bizkaia). Sari banaketa igandean, abuztuaren 30ean, izango da Zabalgune Eraikinean, 12:00etan.

 

Integrazio eta sarbide neurriak
1994tik aurrera, ari da Bilboko Udaleko Jai Saila "herritar guztientzako aproposa den eskaintza" bermatu nahian lanean. Eskaintza honek ezgaitasunen bat duten pertsonen parte hartzea sustatzen du, aisialdirako parekatze-aukerak bultzatuz.

- Aurten, irakurketarako zailtasunak dituen orok Bilboko Udaleko webgunean (www.bilbao.net) egitarauaren laburpena audio bidez entzun ahal izango du, euskaraz zein gaztelaniaz.

- Zeinu bidezko agerraldia agurra egiterako orduan, baita pregoiaren irakurketan eta elkarrizketak dituzten kaleko zein umeentzako antzezlanetan ere.

- Udalak jaien gune gehienak eraberrituko ditu, ezgaitasunen bat duten pertsonen sarrera eta presentzia errazteko asmoz. Abandoibarrako kontzertuetan eta Enkarnazio elizan hainbat esparru erreserbatuko dituzte helburu honekin.

- Jaien egitaraua zein kartelaren egileak berak egindako deskribapena, braille eran eskainiko dira. Zerbitzu-puntu estrategikoetan jaso ahal izango da, hala nola, Bilboko Turismo Bulegoetan edota ONCE egoitzan.

- Ikusmen-ezgaitasuna dutenentzat Marijaiaren erreprodukzioa egongo da. Ezgaitasunen bat duten umeentzat arrapala berezia Gargantuan eta monitore espezializatuak Txikigunean.

- Komuna egokituak izango dira jai esparruan.

- Autobus-zerbitzuak.

- QR kodea Aste Nagusiaren informazio guztiarekin.

 

[2015-07-13] Uztailaren 18an ospatuko dute Konpartsakide Eguna

[2015-07-10] Aste Nagusiko kontzertuetako lau ziurtatu ditu Udalak

[2015-07-09] Inoiz baino ikusgarriagoa

[2015-07-09] Gurutze Beitia eta Oihana Pascual izango dira pregoilaria eta txupinera

[2015-07-03] Marijaiak bideoklipa izango du

[2015-07-02] XIX. Hiri Kroserako izen-ematea uztailaren 6an abiatuko da

[2015-06-25] Aste Nagusia iragartzeko sei kartel finalistak aurkeztu dituzte