Lekukotzen eta txosneten txanda bihar ‘Kukutza auzian’

uriola.eus 2015ko ira. 15a, 12:00

“Luze jo behar luke” biharko saioak Iñaki Carroren aburuz. Bera da 19 auziperatuen defentsako abokatuetako bat. “Bihar hasiko da epaiketa”, argitu dio URIOLAri. Izan ere, joan den asteleheneko saioan, 19 auziperatuek euren aurkako akusazioak ukatu baino ez zuten egin.

Saio luzea aurreikusten du Carrok, besteak beste, 40 lekuko deituta daudelako, “erdiak ertzainak dira”, eta defentsako bederatzi abokatuek txostenak aurkeztuko dituztelako.

Bihar goizean amaitu ezean auziak arratsaldean edo ostegunean jarraituko ote duen Bilboko 3. Zigor Epaitegiko epaileari galdetuta, honek ezezkoa eman zien abokatuei. “Bihar bazkalordurako bukatzea espero du epaileak. Beraz, ez dago zehatz esaterik".

 

Lehen saioan Fiskaltzaren aldaketa

Kukutzaren inguruko istiluetan parte hartu izana ukatu zuten inputatuek joan den astelehenean. Ertzaintzaren oldarralditik ihesi edo babestu nahian zebiltzanean atxilotu zituztela deklaratu dute 19tik 18 lagunek, 19. inputatua Euskal Herritik kanpo dago uneotan. Denek erantzun zieten fiskalaren zein abokatuen galderei.

Fiskaltzaren hasierako zigor eskaera hamazortzi eta 30 hilabete artekoa zen bakoitzarentzat, gehi zortzina hilabeteko beste zigor bat bi inputaturentzat erresistentzia egotzita. Lehen saioan fiskalak aldatu egin zituen eskaerak, eta haietako bati erresistentzia egin izanaren akusazioa kendu dio, eta beste bati, berriz, zigor eskaera murriztu dio. 30 hilabeteko zigorra eskatzen zioten, aurrekariak zituelakoan, baina abokatuek aspaldi esan zuten hori ez zela horrela, eta azkenik fiskalak onartu du abokatuen argudioa.

“Sostengu juridikorik ez duen” auzia da hau Iñaki Carroren hitzetan. Gaztetxearen eraisketa eguneko istilu “larrietan” parte hartu izana leporatzen diete 19 auziperaturi, 18:40ean eta 20:30ean gertatu ziren edukiontzien erreketa eta barrikadetan parte hartu izana, hain zuzen ere. Defentsak argudiatuko duenez, 19 lagunak 17:00 eta 17:30 artean atxilotu zituzten. Hortaz, “ordurako hiru ordu zeramaten” komisaldegian: “Gero gertatu zena leporatzen diete”.

 

Elkarretaratzea

Bihar, irailak 16, elkarretaratzea deitu du Kukutzarekin elkartasun taldeak auziperatuei elkartasuna adierazteko, 09:15ean, Bilboko epaitegian, Buenos Aires kalean.

 

#niereegonnintzen

#kukutza

@kukutzagaztetxe  

kukutzarekin.wordpress.com

[2015-09-14] Bi urte eta erdirainoko kartzela jokoan Kukutza defendatu zuten 19 lagunek

[2015-09-14] 'Kukutza auziaren' baitan, 19 lagun epaituko dituzte gaur hasita

[2015-09-11] Kukutza gaztetxearen aldeko manifestaziorekin bat egin dute EH Bildu, Udalberri eta Gozen Bilbaok

[2015-09-11] EH Bildu: Kukutzaren aurkako epaiketa bertan behera uzteko exijitzen dugu

[2015-09-10] Kukutza eta Kortxoenearen aldeko mobilizazioak larunbatean

[2015-09-08] Autogestioaren alde, okupazioaren alde eta gaztetxeen alde

[2015-09-07] Manifestazioa eta elkarretaratzeak deitu ditu Kukutzaren aldeko ekimenak

[2015-07-02] Kukutzaren aldeko "beste elkartasun olatu bat" piztera dei egin dute