Alternatiben aurrerapena

uriola.eus 2015ko ira. 24a, 09:45
Argazkia: @alterherria

"Azoka txiki" formatuan aurkeztu nahi zuten gaur arratsaldean Unamuno Plazan 'Alternatiben Herria' egitasmoa. Bilboko Udalak, bi egunen faltan, ez die horretarako baimenik eman antolatzaileei. Alternatiba gisa, elkarretaratzea egitea erabaki dute leku eta ordu berean, prestatutako egitarauari eutsiz. 

Udalaren "azalpenik gabe", azokarik ez dute egingo 'Alternatiben Herria' aurkezteko. Bai, ordea, kontzentrazioa Unamuno plazan, 17:00etatik aurrera. Antolatzaileek azaldu dutenez, "urriaren 24rako triptikoak banatuko ditugu, 'Alternatiben Herria'-ren kamisetak salduko ditugu, eta eragile sozialekin irratian elkarrizketak mantenduko ditugu, haien proiektu alternatiboak azaltzeko".

 

Urriak 24, Bilbo

'Alternatiben Herria' urriaren 24an ospatuko da Bilbon. "Merkatuen logikoaren gainetik, bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jartzen duten alternatibak" bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da. Egun osoko egitaraua antolatu dute Bilboko Areatza eta Zazpikaletan zehar egongo diren sei auzotan banatuta: ekonomia eredua, natura, bizitzaren iraunkortasuna, aniztasuna, ondare komuna eta demokrazia, burujabetza eta parte hartzea bezalako gaiak jorratuko dituzte. Bilbo erdigunea "hausnarketaz, alternatiba praktikoz eta baikortasunez" bete nahi duen proiektua da.

Alternatiben Herria Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak proposatu duen erronka da. Gauzak honela, azken hilabeteetan eragile ezberdinek egindako elkarlanak eman duen emaitza da 'Alternatiben Herria'.

 

Diru bilketa

'Alternatiben Herria' egitasmoak izango dituen gastuei aurre egiteko antolatzaileek diru bilketa jarri dute martxan, crowdfunding kanpaina erraldoia abiatuta. Lantaldeak urteak daramatza alternatibak lantzen, eta “guztion laguntza” eskatu du orain.

 

@alterherria

[2015-09-21] Hilabeteren faltan, 'Alternatiben Herria'-ren aurrerapena izango da ostegunean

[2015-09-15] "Alternatiba egiteko" crowdfunding kanpaina erraldoia abiaraziko dute

[2015-09-10] 1.000 alternatiba izatetik gertu

[2015-06-11] 'Alternatiben Herria' bihurtuko dute Bilbo urriaren 24an