Salbetik jauzika

uriola.eus 2015ko ira. 24a, 10:25

Iazko txapelketako une bat. Argazkia: www.redbullcliffdiving.com

Munduko 10 jauzilari onenak eta lau gonbidatu 27 metroko Salbeko zubiko arrapalatik orduko 85 kilometroko abiaduran eta hiru segundoko iraupena izatera iristen ez den salto eta itzulika ikusteko unea iritsi da, bigarren urtez. Aurtengoa, baina, berezia izango da. Red Bull Cliff Diving 2015eko txapelketari amaiera emango dio larunbatean jokatuko den final handiak. Gary Hunt britainiarra da faboritoa. Entrenamenduak gaur hasiko dira.

Gero eta gutxiago falta da jauzilariak Salbetik saltoka ikusteko. Gaur, osteguna, hasiko dira lehenengo entrenamenduak 13:00etan. Ostiralean, 14:00 eta 16:00 bitartean egingo dituzte bai entrenamenduak bai sailkapen-txandako jauziak.

Larunbata, hilak 26, izango da egun handia. 14:00etan aurkeztuko dituzte jauzilariak, 15:00etan hasiera emateko 'Red Bull Cliff Diving World Series Bilbao 2015'-ri. Bi orduko ikuskizuna aurreikusita dago. Sari banaketa 17:00etan hitzartu du antolakuntza taldeak.

Oraingo honetan, Bizkaiko hiriburuak jauzien final nagusia hartuko du; bertan, munduko hamalau jauzilarik parte hartuko dute hiri barruan egiten den zirkuituko geldialdi bakarrean eta Cartagena (Kolonbia), Arroxela (Frantzia), Fort Worth (Estatu Batuak), Copenhague (Danimarka), Azoreak (Portugal), Mostar (Bosnia-Herzegovina) eta Polignano a Mare (Italia) geralekuetan egon ondoren.

2015. urteko munduko serieek badute munduko irabazle bat; izan ere, Gary Hunt britainiarrak lehiatutako zazpi probetatik sei irabazi ditu orain arte. Hala ere, Bilbok nazioarteko arreta erakarriko du, 2016. urteko munduko serieetako programazioan zuzenean sailkatu ahal izateko sei plazetatik hiru esleitu barik baitaude oraindik. Oraingoz, Gary Hunt, Orlando Duque eta Jonathan Paredesdira plazak gordeta dituzten bakarrak. Hortaz, Bilbon erabakiko da nor lehiatuko den 2016. urteko onena izateko.

 

Faboritoa, Gary Hunt

29 urteko jauzilari honek ia ez du atsedenik eduki 2009an lehenengo Red Bull Cliff Diving World Series delakoan finalista izan zenetik. 2010ean sei podiumetik sei lortu zituen, eta horrek berehala lehiaketari ospetsu bihurtu zuen. Urte horretan, Hawain izandako fasean (hori baita kirol honen jaiolekua), Huntek tokia kendu zion Orlando Duqueri munduko nagusigoan.

Artem Silchenko errusiarra izan zen garaile iazko Bilboko saioan. Bigarren postuan geratu zen Gary Hunt britainiarra izan zen azkenik txapelketako garailea 2014an, eta bera da aurtengo txapelketa bereganatzeko faborito argia larunbatean.

 

Red Bull Cliff Diving World Series 2015 - Agenda

Irailak 24 / Osteguna
13.00 - 15.00 Lehenengo entrenamenduak Salbe zubian

Irailak 25 / Ostirala
14.00 - 16.00 Entrenamenduak eta sailkapen-txanda

Irailak 26 / Larunbata
14.00 - 14.30 Jauzilarien aurkezpena
15.00 - 17.00 Red Bull Cliff Diving World Series Bilbao 2015
17.00 Sariak ematea

 

www.redbullcliffdiving.com

[2015-09-23] Salbeko zubia eta ingurua jauzietarako prestaketa lanetan

[2015-09-21] 27 metroko Salbetik saltoka munduko jauzilari onenak bigarranez

[2015-09-02] 50. txapelketako azken jauziak Salbekoak