Alternatiba bila, alternatibak bertan

uriola.eus 2015ko ira. 24a, 20:42

“Garrantzitsua” da Malenentzat “egiteko eta jokatzeko modu desberdinak badaudela” herritarren artean zabaltzea. “Beste gizarte baten sinesten dugulako”, dio. Malen da Alternatiben Herria egitasmoaren Bilboko aurkezpenean parte hartu duen lagunetako bat.  

Interes pertsonalak bultzatuta hurbildu da Alternatiben Herrira, eta azkenik bat egin du bere interes akademikoarekin. Deustuko Unibertsitateko ikerketa talde bateko kide da Malen, eta taldekide duen Martinekin batera Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta izan dute ikergai. Eta egun, “kartatik eratorri den prozesua” aztertzen dute. Izan ere, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako hainbat eragile dira Alternatiben Herriaren sustatzaileak. 

“Gizarte eragileen lana batzeko eta sistematizatzeko” balio izan du kartak. “Transformaziorako izan duen gaitasuna” iruditzen zaio nabarmentzekoa Maleni. Alternatiben Herria transformazio bide horretan puntu bat da. Eragileen lan horri “balioa emateko” puntua Martinen hitzetan. Lan hori da Bilbon, plaza publikoan, urriaren 24an erakutsiko dutena. “Funtsa duten proiektuak” eta “jende serioa”. Martinek argiro dio: “Ibilbidea duten proiektuak dira, baliogarri direnak, eta horien atzean dauden pertsonak benetan sinesten dute horietan”. 

Urtzi da Unamunoko aurkezpeneko beste partaide bat. Euskal Herriko “hainbat” alternatiba ezagunak dituen arren, “badira ezezagunak” direnak ere, eta “oso aberasgarria” irizten dio “nork bere txokotik, eremu desberdinetatik, txikitasunetik” bat egitea urriaren 24an Bilbon. 100 alternatiba baino gehiagoren artean, 'Aniztasunaren auzoa' deitu dioten eremukoak bereganatu dute Urtziren arreta. Esaterako, “oso apurtzaileak” iruditu zaizkio “sistemak bizkarra eman dien lagunen kasua” ezagutzea. “Egoerari aurre egiteko izan duten gaitasunak” harritu du. Urtziren aburuz, “besteren berri izateak eta besterengandik ikasteak animoa ematen du aldatzeko eta berritzeko”. 

Urriaren 24an Bilbo “alternatibaz beteko” duen egunerako hilabeteren faltan, “aurrerapen” gisa antolatu dute Unamuno plazako aurkezpena ez da espero bezala atera. Azoka bat muntatu nahi izan dute antolatzaileek, baina ez dute horretarako Udalaren baimenik jaso. Hala eta guztiz ere, kontzentrazioa egin dute, informazioa zabaldu dute eta kamisetak saldu dituzte. 97FM irratiak programa berezia ere antolatu du Alternatiben Herriko zenbait partaiderekin. 

Bilboko aurkezpeneko arduradun Joseba lan eta lan ari da talde motorreko gainerako kideekin. “Eragile asko ari gara esfortzu handia egiten”, dio. Besteak beste, urriaren 24ko egitaraua prestatzen. Hiru ekimen mota uztartzea dute xede. “Hausnarketa, azoka eta alor ludikoa”. Mahai inguruak, tailerrak, erakusketak, jan-edana, kale animazioa eta abar luze bat. Sendejako Tingladotik Areatzako zubirainoko gunea beteko dute, Plaza Barria eta Bilboko hainbat eragileren egoitza 'auzoka' banatuta.

Anitza izango da eguna, anitzak izango dira partaideak. 2013an Baionan antolatu zen Alternatiben Herria baino anitzagoa izatea espero dute talde motorreko kideek. Orduan, 12.000 lagunek parte hartu zuten. Ikusteko dago zenbat hurbilduko diren Bilbora. Eragile eta herritarren artean egitasmoa zabaltzeko duten gaitasunaren menpe dago, baita eguraldiaren menpe ere, eta zelan ez, antolaketarako beharrezko den finantzaketaren menpe. Duela astebete abiarazi dute Interneten crowfunding sisteman oinarritutako dirua bilketa “ondo doa”. Baina ez da nahikoa oraindik. Egunean bertan ere diru ekarpena egiteko modua izango dute Areatzara bertaratzen direnek. 

Informazioa eskuratzeko, laguntza ekonomikoa emateko edota antolaketan parte hartzeko aukera dute herritarrek. “Alternatiben Herrira Euskal Herri osoko jendea mugiaraztea eta erakartzea nahi dugu”. Hilabete dute erronka lortzeko.   

 

@alterherria

[2015-09-21] Alternatiben aurrerapena

[2015-09-21] Hilabeteren faltan, 'Alternatiben Herria'-ren aurrerapena izango da ostegunean

[2015-09-15] "Alternatiba egiteko" crowdfunding kanpaina erraldoia abiaraziko dute

[2015-09-10] 1.000 alternatiba izatetik gertu

[2015-06-11] 'Alternatiben Herria' bihurtuko dute Bilbo urriaren 24an