"Hassana libre Sahara aske batean"

uriola.eus 2015ko urr. 9a, 13:54

Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean lehenik eta Marokoko Kontsulatuaren aurrean gero 100 bat lagunek Hassana Aalia ekintzaile saharauiarraren askatasuna galdegin dute. Hamabost eguneko epean Espainiako Estatutik kanporatua izan daitekeela eta, "Hassana libre Sahara aske batean" aldarrikapena zabaldu dute. 

2010ean atxilotu, torturatu eta espetxeratu zuten Hassanna Aalia. 2013an bizi osorako kartzela zigorra ezarri zion Marokoko auzitegi militarrak. 2015ean Espainiako Estatuak asilo politikoa ukatu zionean Hassannak errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean, egun, oraindik ebazteke dagoena. Marokora kanporatua bada bizi osorako zigorrari egin beharko dio aurre. 

Joan den asteartean, Burgosen, trenean zihoala, atxilotu zuen Poliziak Hassanna Espainian legez kanpoko egoeran egoteagatik. Izan ere Hassanak ez du Espainian bizitzeko baimenik. Ezarri zioten zigorraren arabera, 48 ordutan Estatutik alde egin beharko luke. Hassanaren abokatuek, baina, hurrengo egunean, asteazkenean, zigorarren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuten. Hamabost egun barru emango dute ezagutzera ebazpena. 

Gaurko agerraldian parte hartu duten lagunen esanetan, hiru aukera daude: kausa artxibatzea, isun ekonomikoa ezartzea edota kanporatze agindua ematea. Auzitegi Nazionalak Hassannaren asilo politikoaren auzia argitzeke duenez, ez dirudi kanporatze agindua berehalakoa izango denik. 

Hassanna Aaliaren asilo eskaera aintzat hartzeko eskatu du Bilboko Udalak 

Hassanna Aalia saharar ekintzailea Espainiako Estatutik egozteko aginduaren aurrean, Bilboko Udaleko talde politikoek aho batez sinatu dute Hassannari babes politikoa ematearen aldeko aitorpena. 

"Berriro ere" dei egin dio Bilboko Udalak Espainiako Barne ministroari "Hassanna Aaliari babes politikoa emateko eskabidea berraztertu dezan". 12/2009ko Legean oinarritu da Bilboko Udala horretarako. Lege horren arabera, Hassannak "nazioarteko babesa jasotzeko egin duen eskaera onartu" behar du Ministeritzak.

Udaleko alderdiek babestu duten adiearazpenean zehazten da Hassanna bere herrialdera bueltatzen bada, "Marokoko agintaritza okupatzaileak zigor gogorra ezarriko diola eta, honezkero, ez da kartzelatik bizitza osoan irtengo. Berak politika arloan nazioarteko aitorpena jasotzeagatik eta saharar herriaren autodeterminazio eskubidearen alde modu baketsuan borrokan dabilen pertsona aktiboa izateagatik sortu da honako egoera hau".

 

#HassannaLibre

[2015-10-09] Hassanna Aaliaren kanporatze aginduaren aurka elkarretaratzea egingo dute

[2015-10-08] Hassanna Aaliaren asilo eskaera aintzat hartzeko eskatu du Bilboko Udalak

[2015-10-07] Hassana Aalia atxilotua izan eta kanporatze-agindua jaso ondoren, bozeramaileen batzordea biltzea eskatu dugu

[2015-02-20] Hassanna Aaliari babesa eman dio Bilboko Udalak

[2015-02-02] Hassanna Aaliarentzat asilo politikoa aldarrikatu dute Bilbon

[2015/01/30] Hassana Aalia babesteko manifestaziora deitu dute bihar