Apirilean lau urte beteko dira Iñigo Cabacas Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz hil zela. Gaur, Cabacasen senideek eta lagunek osatzen duten plataformak kezka agertu du komunikabideen aurrean. Egun, bost agente eta arduradun bat "bakarrik" inputatuta daudelako eta instrukzioa Iñigo jo zuen pilota jaurti zuen agentea identifikatzera "mugatu" delako.
Halako instrukzio luzearen ondoren, inputazio "gutxi" direla irizten dio, eta alde batera uzten dituela operazioko buruak eta arduradun politikoak. "Uste dugu ez dela horretara soilik mugatu behar, badirela operazioa prestatu eta gidatu zuten arduradunak, tiro egitea agindu zutenak, eta ankerkeriarekin jokatzea agindu zutenak. Guzti horrek izan zituen ondorioak denok ezagutzen ditugu. Eta hori ere epaitu behar da". Plataformak gogorarazi du "lehen egunetik" eskatu duela "erantzukizun politikoa ere". Erantzule politikoak, baina, "zigor gabe irtengo dira", adierazi du David Gonzalez plataformako bozeramaleak.
Ekainean epailearen erabakia
Instrukzio fasea bukatuko da ekainean eta orduan erabaki beharko du Bilboko 10. Instrukzio Auzitegiko Ana Torres epaileak epaiketa abiarazi edo ez. Epaiketarik ez izatea "jendeak ez luke ulertuko", Iñigo Gogoan plataformaren iritziz. Eta inork baino gutxiago Manuk eta Finak, "Iñigoren gurasoek ez lukete ulertuko". Egoera honek gizartean "kezkak eta galderak baino ez dituela eragiten" adierazi du plataformak. "Kasu hau urtetan luzatu da eta, azkenean, ezer gertatu ez zela ondorioztatzeko? Errudunik ez dagoela esateko?", nabarmendu du David Gonzalez eledunak.
Itxaropen gutxi
Grabazio bideoaren gaineko txostenean jasotako datuen berri eman dute gaur Polizia Nazionaleko perituek. Froga horiek zehaztasun asko emango duten itxaropenik ez dute Iñigo Gogoan herri ekimeneko lagunek. "Dirudienez, ez dute hainbeste argituko". Besteak beste, lekukoen arabera, "agente askok egin zutelako tiro".
Ugartekok "lotsa baino ez"
Operazioko buruak, Ugartekok, komunikabide batzuen kontra eta familiaren abokatuaren kontra aurkeztutako salaketak lotsa eragiten die Cabacasen senide eta lagunei. Grabazioetako argitalpenak eragin dioten "kalte moralengatik" egin du Naiz eta Gara agerkarien aurka eta Jone Goirizelaia abokatuaren aurka Ugartekok. "Baina badirudi bere paperak Iñigoren hilketan ez dizkiola kalte moralak eragin. Ez dugu ezer gehiago esango pertsonaia horri buruz. Lotsa baino ez digu ematen".
Justizia eske eta polizia ereduaren aldaketa eske
Iñigo Gogoan herri ekimena osatzen duten lagunak lanean jarraitzeko prest agertu dira. "Iñigorentzat justizia eskatzen jarraituko dugu, Ertzaintzaren baitan aldaketa eraginkor eta errealak aldarrikatzen, gomazko balen debekatua exijituz eta beste jaurtigai batzuengatik ordezkatzeko exijituz. Finean, beste polizia eredu baten gaineko eztabaida erreala eman dadila eskatzen jarraituko dugu".
Apirilaren 9an laugarren urtemuga
2016ko apirilaren 9an Iñigoren heriotzaren laugarren urteurrena beteko da. "Hil zuten lekuan berriro omenaldia egingo dugu", esanez dei egin diote Bizkaiko eta Euskal Herriko jendarteari "elkartasuna adierazteko".
[2016-02-29] "Injustizia egoera lazgarria" salatuko dute Cabacasen senide eta lagunek
[2016-02-22] Cabacas hil zuen operatiboko buruak hildakoaren familiari 777.000 euro eskatu dizkio
[2016-02-10] Cabacas auzian beste ertzain bat inputatu du epaileak
[2015/06/16] Cabacas kasuaren baitan 'Ugartekok' lekuko gisa deklaratuko du bihar Cabacas kasuaren baitan 'Ugartekok' lekuko gisa deklaratuko du bihar
[2015/04/09] Iñigo Cabacas, 1.095 egun erantzukizunak argitu gabe
[2015/03/24] Udalak Iñigo Cabacas omenduko du ostiralean
[2015/02/12] "Hiru urte eta gero beharrezkoa da honekin bukatzea; gurasoengatik eta Iñigogatik"
[2015/02/25] Cabacas hil zuen pilotakada jaurti zuen ertzain bat identifikatu dute