Juan Mari Aburtok zuzentze duen Udal Gobernuak "kalea-garbitzeko makinen inguruan datuak ezkutatu" dituela salatu du gaur Izaskun Guarrotxena EH Bilduko zinegotziak. Deustuan gertatutako istripu larriaren inguruko agerraldia egin eta egun batera jakin du koalizioak makinak ez zeukala alarma akustikorik atzera egiterakoan. "Oso larria da Ricardo Barkala zinegotziak horrelako datu garrantzitsu bat ezkutatu izana", azpimarratu du Guarrotxenak.
Zinegotzia arduratuta dago Obra eta Zerbitzuetako zinegotziaren agerraldian datu hori ez zelako eman. "Oso datu garrantzitsua da inork bere gain ardurarik ez hartzeko. Uste dugu segurtasun sistema hori gabe kale-garbitzeko makinak oinezkoentzako guneetatik pasatzen utzi duenak ardura bere gain hartu beharko lukeela eta kargua utzi".
"Informazioa ezkutatzeak arduratzen gaitu, baita ere azpikontratatutako zerbitzuen eta kontraten inguruan dagoen kontrol ezak. Gertakari honek argi uzten du, beste azpikontratatutako enpresa batzuekin gertatu den bezala, Gobernuak ez daukala inongo kontrolik kanporatutako zerbitzuen gainean", salatu du zinegotziak.
Ricardo Barkala Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotziak astelehenean, berak Bilboko Udalari eskatuta, agerraldia eskaini zuen Udaletxean. Bilboko Udaltzaingoaren ikerketa txosteneko ondorioak ezagutu arte, itxarotearen alde azaldu zen Barkala.
Zinegotziari galderak
Ezagutu den datu berri hori dela eta, EH Bilduk zenbait galdera egin dizkio Obra eta Zerbitzuetako zinegotziari. Alarma sistema hori zenbat kale-garbitze makinek ez daukaten galdetu dio koalizioak eta, baita ere, Gobernuak zer nolako epea emango dion kontratari makina guztietan jar dezan.
Horretaz gain, koalizioak eskatu du segurtasun sistema hori ez daukaten makinak oinezkoen guneetan ez erabiltzea, herritarren segurtasuna bermatzeko.
[2017-01-27] Azken agurra emango diote gaur Arantza Gallastegiri
[2017-01-25] Emakume bat hil da Deustuan garbiketa ibilgailu batek harrapatuta