Udaltzain izateko 25 lanpostuko LEPan izena emateko epea zabalduko da gaur Bilbon

uriola.eus 2017ko abu. 31a, 09:26

Guztira Euskadiko 12 udalerritan udaltzain izateko 72 lanpostuko lan eskaintza publikoko epea zabaldu da. Izena emateko epea urriaren 1ean amaituko da.

Gaur, abuztuaren 31, zabalduko da Udaltzaingoaren LEP bateratuaren lehenengo deialdia, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 12 udaletako 72 plaza betetzeko prozesuan izena emateko epea hasiko da. Horietako 25 Bilbon eskainiko dira.

Ekimena Segurtasun Sailak jarri du martxan Eudelen laguntzaz eta udalek eskatuta, eta udaltzaingoetako agenteak hautatu eta prestatzeko taldean planteatu ondoren. Udalerriek kudeaketa-agindu bat onartu behar izan dute aldez aurretik prozesua bera Arkauteko Akademiaren esku uzteko, adostutako oinarri batzuk ezarrita eta deituko dituzten plazak zehazteko Lan Eskaintza Publikoa onartu eta argitaratu ondoren.

Udaltzaingoko oinarrizko eskalako agenteen 72 plaza deitu dira honako udalerri hauetan: Bilbo (25), Abadiño (2), Arrasate (5), Arrigorriaga (1), Basauri (1), Galdakao (3), Getxo (14), Mungia (2), Santurtzi (7), Pasaia (3), Zarautz (6) eta Zumaia (3).

Lau froga

Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa librea izango da, eta lau froga gainditu beharko dituzte. Lehenengoa, test erako proba bat izango da, bigarrena, gaitasunak ebaluatzeko lau ariketako test psikotekniko bat, eta hirugarrena nortasuna ebaluatzeko beste bat. Proba fisikoak eta aurrez aurreko elkarrizketa ere egingo dira, laugarren froga izango litzatekeena. 

Udalek izangaiei eskatu nahi dizkieten baldintzak erabaki ahal izan dituzte, hala nola, hizkuntza eskakizuna eta gidabaimen-motak. Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da izangaiek bete nahi duten plazan eskatutako hizkuntza eskakizuna baino euskara maila handiagoa egiaztatzen duten pertsonen kasuan.

Hautatutako pertsonak praktiketako funtzionario izendatuko dira eta prestakuntza-ikastaro bat egingo dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, gehienez ere 30 hilabetekoa.

Lehenengo hautaketa-prozesu bateraturako izena emateko epea urriaren 1ean amaituko da, eta aurreikusten da probak azaroan hastea eta Akademiako prestakuntza-ikastaroa 2018ko urtarrilean egitea.

Udaltzaingoaren EPEak bateratzearen aurka

ELA eta LAB Udalak udaltzaingoko agente izateko eskainitako 25 plazen bateratzearen aurka agertu dira. Udalak LEPa esleitzeko lanak Arkaute enpresaren bitartez egiten du eta sindikatuen iritziz, garrantzitsua da udaltzain postua eskuratzen duen pertsona bertakoa izatea, hots, bilbotarra. Beste enpresa baten bitartez eginez, "Udalak ez du ez gaitegia, ez prozesuaren nondik norakoak erabakiko ezta parte-hartzaileak kalifikatu ere."

EH Bildu ere kontra

Izaskun Guarrotxena EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, udaltzaingoen aukeraketa modu berria "atzerapauso" bat da, eta sustatu nahi omen den hurbiltasunezko polizia ereduaren kontra doa. Guarrotxenak esan duenez, “ez da koherentea hurbiltasuneko poliziaz hitz egitea eta gero aukeraketa Bilboz kanpoko erakunde baten esku uztea”. Bilbo izango da hiriburu bakarra non udaltzaingoak Arkautek egindako azterketaren bidez aukeratuko diren.

[2017-08-31] Udaltzaingorako lan-eskaintza publiko bateratuak Bilbo kaltetuko du, EH Bilduren ustez

[2017-07-26] ELAk eta LABek arbuiatu egiten dute Bilboko Udala Udaltzaingoan EPE bateratuak egiteko proiektura batzea

[2017-07-26] Bilboko Udalak 218 plaza betetzeko lan eskaintza publikoa onartu du 2017rako