Babes zabala Euskal Herritik Kataluniara

uriola.eus 2017ko ira. 11a, 11:15

Argazkiak: Gure Esku Dago - Patxi Gaztelumendi - Jon Andoni Ruiz

Hiri eta herri askotan burutu dira joan den asteburuan zehar kataluniarren erabakitzeko eskubidea babesteko ekitaldiak.

Gaur, irailak 11, ospatzen den diada egunari eta urriaren 1eko erreferendumari elkartasuna agertzea izan dute ardatz ekintzok, baita larunbatean Gure Esku Dagok Bilbon antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia zabaltzea ere. 

Dozenaka lagun elkartu ziren larunbatean Arriaga plazan ikurrinak, nafar banderak eta senyerak eskutan, Assemblea Nacional Catalana (ANC) d'Euskal Herria plataformaren deiari erantzunez. Arriaga antzokiko balkoietako batetik Bi herri, bide bat. Demokrazia zioen pankarta eskegi zuten. 

Igande eguerdian, Indautxuko Plazan, herritarren artean Athletic eta Girona futbol taldeetako zaleak gailendu ziren. Arratsaldean San Mamesen bi taldeek jokatu zuten partidaren aurretik ekitaldi xumea antolatu zuten "Kataluniako herritarren borondate demokratikoaren adierazpena izango den erreferendumari babesa emateko". Aurreskua, talde argazkia eta kalejira ez ziren falta izan. 

 

Larunbatean manifestazioa

Irailaren16an Bilboko Autonomia kalea betetzeko deia egin du Gure Esku Dagok. Bozkatu erabakitzeko. Demokrazia lelopean, La Casillatik abiatuko da manifestazioa 17:30ean. Kataluniako herritarren "gehiengoaren borondateari begirunea eta errespetua adierazteko" ekitaldia izango da. 

 

[2017-09-08] Kataluniarren "abagune historikoa" babesteko bi hitzordu asteburuan

[2017-09-06] Irailaren16an Bilboko Autonomia kalea betetzeko deia egin du Gure Esku Dagok