San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharreko emakumeek behar duten etxea

uriola.eus 2017ko aza. 30a, 09:09

Bi urte luzetan Galtzagorri emakumeen taldeak San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharreko eragileekin batera ondutako proiektua da Koloretxe, auzo garaietako emakumeen etxea. Gaur aurkeztuko dute.

Emakumeen Etxeak badira zenbait Euskal Herrian. Ermuan –aintzindaria–, Basaurin, Ondarroan, Donostian... Bilbon ez dago Emakumeen Etxerik, eta Bilbok "Emakumeen Etxe bat baino gehiagorako ematen du", Galtzagorri taldeko Susana Andinoren esanetan. Horregatik jo zuen espazio eske Bilboko Udalera Galtzagorri taldeak. Udalaren arabera, leku propiorik ez da behar genero ikuspuntua lantzeko, espazio guztietan modu transbertsalean landu beharreko gaia izaki. Ideia horrekin ados badaude ere, Galtzagorriko kideen ustez, emakumeen eta gizonen arteko "berdintasuna lortu arte", emakumeentzat leku propio baten beharra dago San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetan. Horregatik jarraitzen dute udal ordezkariei leku hori eskatzen.

Begiz jota dute "Koloretxe, auzo garaietako emakumeen etxea" paratzeko leku egokia. Hain zuzen ere, Harrobia plazan, egun Bilboko Udaltzaingoak darabilen eraikinean. Rikardo Basterra udal arkitekto ezagunak XX. mende hasieran diseinatutako eraikina da Casa de Higiene Especial, Comisaría y Monte de Piedad funtzioak betetzeko. Gabon ostean Udaltzaingoak bertatik alde egingo du, eta hutsik geratuko den espazioan, "elkarrizketaren bidez", espero dute Galtzagorriko lagunek Koloretxe zabaltzea. "Baikorrak" dira. 

Eraikina "polita eta sinbolikoa" da era berean. Frankismo garaian prostitutek "higiene berezia" jasotzen zuten bertan. Gainera, kokapen "erabat estrategikoa" du, San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoen erdigunean aurkitzen baita.

 

Koloretxe, aurkezpena

Azaroaren 30ean, gaur, San Frantziskoko udaltegiko areto nagusia jendez beteko da Koloretxeren jendaurreko aurkezpenean. Emakumeak zein gizonak daude gonbidatuta. Mugimendu feministak "estreineko aldiz" gonbidatu ditu gizonak. Susanaren hitzetan, "guk aliatuak edonon behar ditugulako". Izan ere, bi urtez landutako Emakumeen Etxearen proiektuan lagun eta elkarte askotako kideek parte hartu dute auzoan duten "kristoren sarea" baliatuz. Gehienek San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharrean lan egiten duten Gobernuz Kanpoko Erakundeen bitartez egin dute bat proiektuarekin. Partaide guztien artean adostu dute "zer nolako Emakumeen Etxea" behar duten. Jasotako ekarpenekin gaur aurkeztuko duten Koloretxe proiektua osatzeraino. Horregatik diote osteguneko ekitaldia "eskerrak emateko unea" izango dela.

Espazio propioaren aldarrikapena auzotarrek babestu ostean, hurrengo pausoa emateko unea ere izango da, "babes instituzionala lortzeko", alegia. Bide horretan, Emakunderen babesa badu jada Koloretxek. Proiektua lantzeko diru babesa eman du. Bilboko Udala, berriz, "entzungor" ari da. Baina bere babesa ere lortuko dutela sinetsita daude. "Etorkinen kopurua eta pobrezia tasa handia den auzoetan, arrazismoa eta txirotasuna bezalako gizarte arazoei emakumeen aniztasunetik eta elkarlanetik irtenbidea emateko tresna baliagarria delako".  

 

Maria Luz Estebanekin solasaldia

Ostiralean, abenduak 1, Maria Luz Esteban antropologo eta feministak solasaldia eskainiko du San Frantziskoko udaltegian, Andrea Momoitio Galtzagorriko eta Pizkara Magazine-ko kidea moderatzaile dela.  

Maria Luz Estebanek itzal handia du bai unibertsitate munduan bai mugimendu feministaren baitan ere. Bera izan zen Basauriko Emakumeen Etxeko sortzaileetako bat. Feminismoa eta politikaren eraldaketak (Susa, 2017) liburuan, besteak beste, Emakumeen Etxeak zein onuragarriak diren aipatzen du. 

[2016-11-08] Bilboko goiko auzoetako Emakumeen Etxea

[2016-06-02] Ekainaren 9 eta 10ean Emakumeen Etxea hizpide San Frantziskon

[2016-03-07] Koordinakunde Feministaren aldarrikapenak: aurrekontua, Emakumeen Etxea eta elkarrizketa

[2015-01-29] EH Bildu: "EAJk eta PPk bat egin dute Emakumeen Etxea martxan ez jartzeko"

[2015-01-22] EH Bilduk Emakumeen Etxea martxan jartzea proposatu du parte-hartze sozial eta politikoa bultzatzeko