Hezkuntza publikoak greba eguna egingo du bihar

uriola.eus 2017ko abe. 11a, 10:34

Irakaskuntzak azaroaren 30ean egin zuen manfestazioa

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoak greba eguna egingo du bihar kalitatezko hezkuntza baten alde. Hezkuntza publikoko kolektiboek, oraingoan, greba bateratua egingo dute, eta azkenengo greba egunak ikusita, jarraipen handiko greba izatea espero dute.

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoak biltzen dituen kolektibo guztiak grebara joango dira bihar. LAB, ELA eta Steilas sindikatuek kalitatezko hezkuntza baten alde, azaroan, 4 greba egun egin zituzten. Honek, ostegunetan izan ziren eta kolektibo desberdinek beraien greba eguna eduki zuten.

Azaroaren 9an izan zen lehenengoa, haurreskolen eskutik. Hurrengo astean, berriz, garbitzaileek eta sukaldariek beraien egoera salatu zuten. Azaroaren 23an heziketa bereziko langileen txanda izan zen, eta, azkenik, azaroaren 30ean irakaskuntza kalera irten zen aldarrikapenekin jarraitzeko.

Bihar, abenduaren 12a, denak batera irtengo dira kalera, greba bateratua izanik. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoak hainbat mobilizazio egiten ari dira ikasturte hasieratik, eta biharko grebak osotuko du protesten dinamika. Horrez gain, Bilbon, eguerdiko 12:00etan manifestazioa egingo dute “Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki” lemarekin Gran Via kalean.

Sindikatuek adierazi zutenez, irakasleen %70 baino gehiagok egin zuen greba azaroaren 30ean irakaskuntzak antolatutako greba egunean. Iazko grebek baino oraindik ere jarraipen zabalagoa izango litzateke. Aipatu zutenez, jarraipen bereziki handia izan zuen Haur eta Lehen Hezkuntzan. Beraz, bihar, jarraipen handiko greba espero dute sindikatuek.

Greba honekin, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari beraien aldarrikapenak luzatu nahi dizkiote, beraien lan-baldintzak hobetzea eta hezkuntza publikoak dituen beharrei erantzuna ematea. Hezkuntza Sindikatuek mahai gainean dituzten aldarrikapen horiek hauek dira:

• Egun BPGren %3,5eko den Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza inbertsio publikoa handitzea gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.

• Azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 1.800 langiletan handitu.

• Egun %38koa den behin-behinekotasuna, %6ra murriztu. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.

• Ikasle-ratioak %10 murriztea.

• Soldata murrizketa eta %15 murriztu den irakasleen eros-ahalmena berreskuratzea (gutxienez 32.500 €ko galera metatua 2009tik Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 41.100 € Bigarren Hezkuntzan).

• Egun kasu askotan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea kidego guztietan.

• Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.

• Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.

• LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.

• Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

• Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.

• Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

 

[2017-11-30] Kalitatezko hezkuntza baten alde, irakaskuntzaren greba

[2017-10-26] Bost greba egun EAEko hezkuntza publikoan

 

Argazkia: Oihana Bartra