Etxebarritik sartuko da giza katea Bilbon eta Basauritik irtengo da. Bitartean, 13 kilometro, 115 kilometrotik 127ra, jendez betetzea dute erronka bilbotarrek.
Kilometro bakoitzean 500 lagun behar direla kontuan hartuta, Bilbon gutxienez 6.500 lagun behar dira giza katean hutsunerik egon ez dadin.
Lekua ziurtatzeko eta antolaketa lanak errazteko, lehenbailehen izena emateko deia zabaldu du Gure Esku Dagok, giza katerako bi hilabete besterik ez direnean falta. Bi aukera daude horretarako: auzoetako taldeen postuak, batetik, eta internetez saretzeko aukera, bestetik.
Bilbon ia auzo guztietan lantalde bana ari da giza katearen inguruko informazioa zabaltzen eta izen-ematea antolatzen. Iaztik saretuta eta koordinatuta daude Bilboko taldeak.
Izena ematean, bost euroren truke zapi bana eskuratuko dute herritarrek. Giza katearen 202 kilometrokoak etenik gabe osatzeko gutxienez 100.000 lagun beharko dira. Erronka da "guztiok zapia lepoan jarri eta elkarri eskua ematea", Gure Esku Dagotik azaldu dutenez.
Apirilak 25: mintegi parte-hartzailea
Erabakitzeko eskubidea egikaritu ahal izateko, GEDk ezinbestekotzat du gizartean "eztabaida zabala, anitza eta ordenatua abiatzea, arloz arlo, norberak bere ikuspegia plazaratuz". Hori horrela, erabakitzeko eskubidea "edukiz betetzea" da erronka, ekaina bitartean "erabakitzeko 2019 arrazoi eta ilusio bilduz". Horretarako hainbat mintegi antolatu dira herri eta auzo desberdinetan. Bilbon, joan den astean bi, eta aste honetan bat. Apirilaren 25ean La Bolsa udaltegian Bilboko hezkuntza arlotik zein ekarpen egin al dugu mintegi parte-hartzailea izango da.
[2018-04-13] Aktibatzeko mezua zabaldu du Deustun Gure Esku Dagoko lantaldeak
[2018-04-11] Giza katea eta Herritarron Ituna jendez eta edukiz hornitzen ari dira
[2018-03-23] Etorkizunari eskua emateko giza katea