EAJk eta PSEk 'Auzoen aldeko ituna' sinatu dute

uriola.eus 2018ko eka. 26a, 12:53

Oposizioan dauden talde guztiek, EH Bildu, PP, UdalBerri eta Goazen Bilbao alderdiek, ez dute Auzoentzako ituna sinatu, pasa den astean iragarri zuten bezala. "Aburtok ezin du auzoentzako itun bat proposatu bertan bizi diren pertsonen iritzia kontuan hartu gabe" azaldu zuen EH Bilduko Aitziber Ibaibarriagak.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Nekane Alonso EAJ-PNVko bozeramailearekin eta Alfonso Gil PSE-EEko bozeramailearekin batera, Bilboko Udalaren Auzoen aldeko ituna sinatu du. Akordio horren xedea Bilboko auzoen artean lurralde oreka integral bat lortzea da. Gaur goizean aurkeztu da ituna, Bilboko udaletxeko areto arabiarrean.

Beraz, Alkateak oposizioan dauden talde guztien ezetza jaso du. Izan ere, pasa den astean ituna nolakoa izango zen argitu zuenean, talde guztien kritikak jaso zituten. Auzokideen iritzia kontuan hartu gabe egindako 'Auzoentzako ituna' zela adierazi zuten, eta gaurko argazkian ez zutela parte hartuko argitu zuten. Azkenean, horrela izan da, eta gaur goizean ezin izan du Mugikortasun Jasangarriaren Aldeko Ituneko argazkia errepikatu.

Dokumentuak auzoen arteko oreka lortzeko kohesio hirukoitza proposatzen du: kohesio soziala, hiri kohesioa eta kohesio ekonomikoa. Gainera, adostutako lan ildoen alde egiten da; era horretan, auzoak arlo hiritarrean, sozialean eta ekonomikoan gehiago lotu daitezen, hiriaren garapen integralean parte hartuz eta hori sustatuz, eta orekatuagoa eta aurreratuagoa den eredu baterantz joan dadin. Hori guztia, betiere, auzoen identitatea eta balioak iraunarazita.

Baina, oposizioko alderdiek edukirik gabeko ituna dela salatu dute. Izan ere, auzoen arteko desberdintasunak gora doaz azken urteetan, eta hori ekiditeko gaur arte ezer gutxi egin dela azaldu dute. Udalberriko bozeramaileak adierazi zuenez: "Aburto jaunak planteatzen duena zera baita, auzorik gabeko auzoen aldeko itun bat, ez besterik”. Hori dela eta, EH Bildu, PP, UdalBerri eta Goazen Bilbao, oposizioan dauden talde guztiek EAJ eta PSE alderdiek egindako 'Auzoentzako ituna'-ren kontra azaldu dira.